Kanadako Tour de l’Abitibi lasterketan lider da Ellande Larronde txirrindulari saratarra

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 19a, 09:00

Ellande Larronde, Kanadako Tour de l'Abitibi lasterketako lehen etapa irabazi ondotik, podiumeko goitiko koxkan.

Astearteko lehen etapaz gain, ortzeguneko erlojuaren kontrakoa ere irabazi zuen eta sailkapen orokorreko lehen postuan dago, asteburuko etapen zain

Junior mailako txirrindulariei zuzendutako Tour de l’Abitibi lasterketa egiten ari dira Kanadan eta Urt Vélo 64 taldean ari den Ellande Larronde, hamazazpi urteko saratarra lider sendoa da, astearteko lehen etapa irabazi zuenetik. Ez hori bakarrik, ortzeguneko erlojuaren kontrako etapa ere irabazi zuen.

Aipatu bezala, uztailaren 16an, asteartean abiatu zen Tour de l’Abitibi lasterketa, Rouyn-Noranda eta Val d’Or arteko 115,6 kilometroko etaparekin. Ellande Larronde nagusitu zen ihesaldian (2.27.41) eta hamazazpi segundoko aldea atera ziren Ben Morin eta Carl Truffer kanadiarrei.

Asteazkenean, Amos eta Val d’Or arteko bigarren etapan ere bosgarren izan zen Larronde, sailkapen nagusian zuen aldeari eutsiz.

Ortzegunean, berriz, Val d’Or eta Cité de l’Or arteko 8,3 kilometroko erlojuaren kontrako etapa ere ongi irabazi zuen Larrondek, 10 minutu eta 34 segundoko denborarekin. 23 segundoko aldea atera zion bigarren izan zen Zeelanda Berriko Oliver Scott txirrindulariari eta eta 28 segundokoa Carl Truffer kanadiarrari.

Gauzak honela, oraindik igandera bitarteko etapak falta badira ere, sailkapen nagusiko lider sendoa da Ellande Larronde saratarra. 47 segundoko aldea ateratzen dio bigarren den Carl Truffer kanadiarrari eta 52 segundokoa Zeelanda Berriko Oliver Scotti. Erregulartasunaren sailkapenean ere lehenbizikoa da 59 punturekin (56 ditu Truffer kanadiarrak).

Urte emankorra

Urte ederra egiten ari da Ellande Larronde saratarra. Kanadan lortu dituen azken bi garaipen hauetaz gain, apirilean Primevere Montoise Junior lasterketa irabazi zuen eta maiatzaren 1ean, Akitania Berriko txapelketa irabazi zuen junior mailan. Ekainean, Gedimat junior lasterketa ere irabazi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun