Ikaburua lezearen eguna uztailaren 20an ospatuko dute Urdazubin

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 17a, 15:00

Ikaburuko leizearen bisita berezia izanen dute larunbat eguerdian, Montes Solidarios elkartearen eskutik.

Familia guztiarendako jarduera ugari izanen dira ohiko egitaraua izanen duen larunbateko egun berezian

Urdazubiko Ikaburuko Leizearen Eguna ospatuko dute uztailaren 20an. Larunbatean, egun osoan hainbat ekitaldi izanen dira hamargarren edizio honetan, familia guztiarendako jarduera ugariekin. Hurbiltzen direnek estalagmitaz eta estalaktitaz betetako mundu batean murgiltzeko aukera izanen dute, antzinako pertsonaia, kondaira eta kontrabando istorioekin. Edizio honetan Montes Solidarios elkartearen laguntzarekin leizera bisita berezia izanen dute.

Aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako mendiko jarduerak sustatzera eta antolatzera bideratutako irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da Montes Solidarios. Oraingo honetan, aniztasun funtzionala duten bi lagunek bisitatuko dute leizea eta horretarako, Joëlette aulkia erabiliko dute, hau da, gurpil bakarreko lur orotako aulkia, mugikortasun urriko edonori naturan ibilaldiak praktikatzeko aukera ematen diona eta norabide-barra, hau atletismoko bastoi baten antzekoa da eta ezinbesteko mugikortasuna ahalbidetzen du ikusmen murriztua duten edo itsu diren pertsonentzat.

 

Egitaraua

Ohiko egitaraua izanen dute Ikaburuko Leizearen X. Egunean: 11:00etatik 14:00etara, historiaurreko bizitza-tekniken erakustaldia (sua egitea, jaurtiketak…) eta tailerra eginen du Iñaki Libano, Edestiaurre Arkeologia Elkarteko presidenteak. 11:00etatik 18:00etara artisau azoka izanen da. 12:00etan leizearen bisita berezia Montes Solidarios erakundearekin. 17:00etan artisau produktuz betetako saski baten zozketa eginen dute eta 16:00etatik 18:00etara magia ikuskizuna, Javi eta Ankarekin.

Leizearen bisita mugatua da eta erreserbak www.cuevasurdax.com webgunearen bidez eginen dituzte soilik.

Informazioa eta erreserbak 948 59 92 41 telefonoan edo info@cuevasurdax.com helbide elektronikoan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun