Grupo Biok enpresak Zaporeak gunea inauguratuko du bihar Dantxarineko bentan. Jatetxea, ostatua eta denda barne hartuko dituen 800 metro karratuko espazioa izanen da, eta kalitatezko elikagaiak izanen ditu ardatz, «gourmet esperientzia autentikoa» eskaintzeko asmoz.
Helburu horrekin, hainbat kolaboratzaileren laguntza izanen dute. Horien artean Hervé Sancho, MOF (Frantziako harakinik onenaren titulua duena), Euskal Txerria ekoizten duen Maskarada etxea edota Sasi Ardiarekin lan egiten duen Sasiko elkartea.