RAKEL PARDO PEREZ

«Egunerokoaren bertze irakurketa bat eskaintzen saiatzen naiz olerkietan»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 7a, 08:00

Bizilekua Azpilkuetan duen 28 urteko urdazubiarra da Rakel Pardo Perez. «Zaletasun aunitz» dituela dio, «baina nagusiak irakurketa eta idazketa dira». Horri tiraka, bakarrik idatzitako lehen lana argitaratu berri du: Egurats zabaletako izendaezinak poesia liburua.

Poesiaren magia

Ttikitatik izan du idazteko nahia; «olerkiak idazten hasi nintzenean ez nekien poesia izan nahi zuen zerbait sortzen ari nintzela, bilatu gabe ateratzen zen. Ama abeslari bikaina da eta haurrak ginelarik, afalondoan, gitarra hartu eta Let it be kantatzea eskatzen genion anaiak eta biok». 

«Musikaren magia» ikusita, «nire letrak idazten hasi nintzen eta, nolabait, letra horiek markatu zuten bidea». Gerora, «idatziz eta irakurriz, poesiaren magiaz jabetu nintzen».

Ongi idazteko, ezinbertzekoa da lehenik irakurtzea, eta markatu duten autore ugari dituela aitortu du. «Zerrenda sobera luzea izan daiteke, baina horietatik beti hurbil dudan bat Edmond Jabès da, eta bere esaldi hau: Agian pentsamenduaren isiltasuna isiltasunaren pentsamendua da. Gogamenak ez du gogamena pentsatzeko ahalmenik».

Azaldu duenez, olerkietan «egunerokoaren bertze irakurketa bat eskaintzen saiatzen naiz. Entzuten, ikusten, bizitzen edo irakurtzen dudan horren azpian zer dagoen behatu, eta bilaketaz marraztuta dagoen begirada bat landu ohi dut». 

Hizkuntza ez da muga horretarako; «euskara eta gaztelania dira nire ama hizkuntzak, eta bietan naturaltasunez idatzi eta irakurri ohi dut. Frantsesez ere irakurtzen dut».

Lanaren emaitza

Egurats zabaleko izendaezinak da Pardoren bakarkako lehen liburua, Maiatz argitaletxearekin publikatua. «Argitaletxeko koordinatzailea den Lucien Etxezaharreta nire poemak Maiatz aldizkarian sartzen hasi zen, eta liburu bat idazteko eskaintza luzatu zidan». Hala ere, «orain arte ez nuen horretarako momentu egokia zenik sentitu». Momentu hori joan den urtean agertu zen, «eta orduantxe hasi ginen elkarlanean».

Azaldu duenez, «hasierako erabakitik liburua atera den arte, urte bateko prozesua izan da. Tartean, ordurako sortuak zeuden poema bakoitzean murgilduta emandako denbora». 

Prozesu hori «atentzioan hasten da, adi egotean. Ikusezina dena hautematea beharrezko baldintza da; batzuetan ideiak ageri dira, bertzeetan olerkiaren zati bat, gogoeta bat, hitz bat… Kaier batean idazten ditudanak berreskuratzen ditut idazmahaian, eta ondotik moldatze lana dator, hitz bakoitzaren baitan ageri direnak ezagutzaren bitartekari bihurtzeko lana».

«Barnearen eta kanpoaren arteko elkarrizketa etengabea» da lana, «batak bertzea elikatzen du, eta harreman honetan benetako edukia sortzen dela erranen nuke». 

Izan ere, «hausnarketarako espazio bat» sortu nahi izan du liburuan, «irakurleak bere giza baldintzaren kontzientzia hartu eta bilaketa ariketa bat egin dezan. Hasieran ezinegon sentimendu bat sortzen den arren, hori abiapuntutzat hartuta, norberaren zentzua elikatzea da liburu honen xedea».

Lanaren izenburua «kaieran idatzia nuen olerki sinple bat zen, edo hala uste nuen. Aunitzetan itzultzen nintzen hitz horietara, eta olerki bezala osotasun bat zuela ondorioztatzen nuen beti». Hori dela eta, liburuaren ideia berrartzean, «hasierako momentutik izenburua izanen zela sentitu nuen, eta hala mantendu zen denborarekin. Beraz, bada izenburu bat, baina baita olerki bat ere».

Emaitzarekin «arras kontent» gelditu da, «baina prozesuarekin are eta gehiago. Argitaletxe ttikia izateaz gain, lagunartean egonik, etxean bezala sentitu naiz».

Etorkizunera begira

«Maiatz bezalako argitaletxe ttikiek kulturan duten eragina» azpimarratu nahi izan du, «gizarteari eskaintzen dioten aniztasuna arras garrantzitsua dela uste baitut. Eta haiei eskerrak, bihotzez».

«Liburua askatuta, orain bere bidea egin dezala». Horrelaxe ikusten du etorkizuna Pardok. «Nik, bitartean, irakurtzen eta idazten segituko dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun