Saran eta Senperen hiru hautagai izanen dituzte bozen bigarren itzulian

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 5a, 09:00

Peio Dufau (Fronte Herritar Berria), Christian Deveze (Ensemble) eta Victor Lastecoueres (Batasun Nazionala).

Frantziako Asanblearako bozen bigarren itzulia iraganen da igande honetan, uztailaren 7an, Ipar Euskal Herrian. Eskualdean, Saran eta Senperen izanen dute boz eguna, eta hiru hautagai izanen dituzte.

Seigarren hautesbarrutian daude Sara eta Senpere, eta barruti horretan hiru hautagai izanen dituzte igandeko bozetan: Peio Dufau (Fronte Herritar Berria, ezkerreko aliantza), Christian Deveze (Macronen Ensemble aliantza) eta Victor Lastecoueres (eskuin muturreko Batasun Nazionala).

Hautesbarruti aunitzetan, irabazteko aukera gutti zutela ikusita eta Batasun Nazionalari bidea ixteko asmoz, hautagaitzak erretiratu egin dituzte hainbatek. Seigarren hautesbarrutian, ordea, ez da halakorik gertatu, eta hirurek aurkeztu dituzte hautagaitzak bigarren itzulian.

Ekainaren 30ean iragan zen lehen itzulian, Saran ezkerreko aliantza izan zen nagusi eta Senperen, bortz bozeko aldea aterata, eskuin muturrak irabazi zuen. Seigarren hautesbarrutian ere Peio Dufauren hautagaitzak bildu zituen boz gehien (% 29,42). Baina hiru ordezkarien artean ez zen alde handirik izan. Bigarren indarra Christian Deveze izan zen bozen % 26,92 lortuta, eta hirugarren lekua eskuin muturreko Victor Lastecoueresek ukan zuen (% 25,29).

Bigarren itzulian izanen ez diren hautagai batzuek bateko eta bertzeko hautagaitzak babesteko eskatua dute. EAJko Jean Telletxeak, konparaziora, Fronte Herritar Berriaren aldeko boza eskatu du, eta sindikatu nagusiek RNri bidea ixteko deia egina dute.

Sarako eta Senpereko emaitzak lehen itzulian

Saran Dufau nagusi

Saran Fronte Herritar Berriko Peio Dufauren hautagaitza izan zen lehen itzulian bozik gehien bildu zituena, % 32,39 lortuta, eta Macronen Ensemble aliantzako Christian Deveze izan zen bigarren indarra bozen % 23,55ekin. Eskuin muturreko Batasun Nazionaleko Victor Lastecoueres hirugarren bozkatuena izan zen, bozen % 20,16 bilduta. 

Errolda 2.116
Boto emaileak 1.434
Abstentzioa  %32,23 
Baliogabeak 20 (%1,39)
Zuriak 37 (%2,58)
 
Senperen eskuin muturra nagusi guttigatik

RN Batasun Nazionalak emaitza onak ukan zituen lehen itzulian, eta Senperen, boz gehien bildu zituen hautagaia eskuin muturreko Victor Lastecoueres izan za, bozen % 28,79rekin. Hala ere, alde ttikia atera zion bigarren izan zen Peio Dufauren ezkerreko aliantzari, bortz boz baino ez. Dufaurentzat izan ziren bozen % 28,66. Hirugarren indarra, berriz, Macronen Ensemble taldeko Christian Deveze izan zen (% 20,48).

Errolda 5.605
Boto emaileak 3.939
Abstentzioa % 29,72 
Baliogabeak 38 (%0,96)
Zuriak 78 (%1,98)

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun