Sara Oinez mendi ibilaldia antolatu du Har Hitza elkarteak ekainaren 16rako

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 12a, 08:00

Sara inguruan bi ibilbide antolatu ditu aurten ere Har Hitza elkarteak.

Har Hitza elkarteak Sara Oinez mendi ibilaldia antolatu du ekainaren 16rako. Bi ibilbide aukeran izanen dituzte aurten: luzeena, 25 kilometro luze eta 1.400 metroko desnibela duena eta laburra, 12 kilometro luze eta 500 metroko desnibela duena.

Ibilaldi luzeko izena ematea 06:30etik 07:30era egin beharko da (15 euro) eta irteera 07:00etatik 07:30era eginen dute mendizaleek. Ibilaldi ttikiko izen-emateak, berriz, 08:30etik 09:15era egin behar dira eta irteerak 09:00etatik 09:30era.

 

Ibilbidea

Ibilbide luzea Sarako plazatik abiatuta, Zuhalmendi, Santinazio (6 km, jan-edariak), Ardi borda, Altsanga, Zizkuitz (12,5 km, jan-edariak), Larun Ttiki eta Gomendiagako lepotik (18,5 km, jan-edariak) igaroko da, berriz ere Sarako plazara itzuliz. Ibilaldi ttikia berdin hasiko da, baina Ardi borda eta gero herrira bueltatuko da.

Antolatzaileek aipatu dutenez, osasun postuak jarriak izanen dira eta ez da inolako sailkapenik egonen, ez baita lasterketa bat. Itzulia euskaraz egiteko gomita ere egin du Har Hitza elkarteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun