Haira Aizpuruarekin batera, Unax Aizpurua saratarra izan da eskualdeko bertze ordezkaria. Horiekin batera, Amaiur Aizpuru, Johane Larre, Haize Lekuona eta Nahia Etxeberri bertsolariak aritu ziren bertsotan. Xan Alkhat aritu zen gai emaile lanetan, eta epaile lanetan aldiz, Ainhoa Sarasua, Maialen Berra eta Zuhaitz Olazabal.
Saioa bukatuta, Haira Aizpurua sailkatu zen lehen lekuan eta Nahia Etxeberri bigarrenean. Hirugarren lekuan, aldiz, Unax Aizpurua. Ekainaren 15ean Arantzan eginen den Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan ariko dira hiruak. Haira eta Unax Aizpurua Lapurditik, eta Nafarroa Beheretik, aldiz, Nahia Etxeberri. Zuberoako bertsolaririk ez da ariko, txapelketan ez baita zuberotarrik izan.
Aizpuruari txapela June Elizondok paratu zion bertso eskolen izenean, eta Nahia Etxeberri izendatu zuten errimategi aberatsena duen bertsolari. Mari Karmen Albizuak eman zion saria.
Herrialdeetako eskolarteko txapelketak bukatuta, ekainaren 15ean Arantzan jokatuko dute Euskal Herri mailako finala 17:00etan frontoian. Bertan, Nafarroatik Kattin Madariaga aranztarra eta Kattalin Lizarraga leitzarra ariko dira, Bizkaitik Kelmene Abaitua eta Ekhi Zuluaga, Arabatik Hego Amabizka eta Iraide Onaindia, Gipuzkoatik June Aiestaran eta Joanes Azpillaga, Lapurditik Haira Aizpurua eta Unax Aizpurua saratarrak eta Nafarroa Beheretik Nahia Etxeberri.