Haurrek jostatzeko toki berritua dute Zugarramurdin

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 30a, 13:00

Zugarramurdiko haurrak jostetan, jostaleku berrituan.

Frontoi zaharreko eremuan paratu dituzte jokoak eta kolunpioak, haurrek marrazkien bidez egindako proposamenak kontuan hartuz

Zugarramurdiko haurrek jostatzeko toki berria dute maiatzetik honat. Herriko etxearen lanak direla eta, frontoi zaharreko eremua ttikitu behar izan zuten, eta aitzaki horrekin kolunpio eta joko berriak jartzeko aukera izan dute.

Zein joko jarriko ziren erabakitzeko, haurrek beraiek izan zuten eskatzeko aukera, eta bakoitzak marraztu zuen gustukoa ikusten zuen jostatzeko tokia. Horiek kontuan hartuta (eta aurrekontua ere, bistan da) aski toki ederra daukagu orain herriko etxearen ondoan.

Hauen aitzinetik zeuden kolunpioak duela 20 bat urte jarri ziren, baino herriak izan zituen lehenbizikoak 1970eko hamarkadakoak izan ziren. Haiek elizargietan eman ziren eta burdin azkarrekoak zirenez, denbora luzez iraun zuten. Eta oraino gibelago joanez, lehengo denboretako haurrak plazako eskaileretan aritzen ziren txirristan: bazterreko aldeko zimentazko maldatxoan lurra pittat botatzen zuten (hobekiago errestatzeko), eta hantxe ibiltzen ziren goititik beheiti jausten (galtzak ederki zilatu arte maiz aski).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun