Mendekoste egunaren hamaikagarren edizioa ederki ospatu dute Dantxarinean

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 21a, 20:00

Mendekoste egunaren hamargarren edizioa ospatu zuten maiatzaren 20an, astelehenean, Dantxarinean, Dantxarineko Merkatarien Elkarteak antolatuta. Egitarauaren barrenean, Dantxarinean erabiltzeko 1.500 euroko txekea zozketatu zen eta Yusuf Solmar baionarrari egokitu zaio, hiru hilabetez erabili beharreko saria. Txomin Iribarren, Dantxarineko Merkatarien Elkarteko presidentearen eskutik hartu zuen txekea.

Zozketaz gain, goizean trena ibili zen bentetan barna, puzgarriak eta musika, euskal dantzak, sagardoa eta txorizo pintxoak eta herri kirol erakustaldia ere izan zuten, Larretxea anaien eskutik.

Historia

Mendekoste eguna 1940. hamarkadakoa da, Bigarren Mundu Gerra pasatu ondotik, mugak zenbait urtez itxita gelditu zirenean. Muga soilik Mendekoste astelehenean irekitzen zen eta egun horretan Dantxarinean, mugako bi aldeetako familiak biltzeko aukera zuten.

Besta egun handia zen, salmenta tokiak haien produktuak karrikara ateratzen zituzten eta musika, dantzak eta pilota partidak izaten ziren. Mugako bi aldeetatik jendez betetako autobusak etortzen ziren, egun batez haien familiekin eta lagunekin elkartzeko asmoz. Urteen poderioz, eta mugak irekiak zeudela, besta hau ospatzeari utzi zioten duela 40 bat urte.

Orain, Dantxarineko merkatarien elkarteak besta hau berreskuratu du eta dagoeneko hamaikagarren edizioa ospatu du aurten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun