Ikatz-txondorra prestatzen hasiak dira Saran auzolanean

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 17a, 08:30

Azken urteetan Igantzin, Lesakan edo Goizuetan egin duten bezala, Saran ere txondorra prestatzen hasiak dira.

Lehen prestakuntza lanen ondotik, larunbat honetan muntatu nahi dute, 25ean piztu eta ereiaroaren 16an ideki, ikatzaren biltzeko

Maiatzaren 4an hasiak dira Saran txondorraren eraikuntzarekin, hilabete hondarrean piztu eta ereiaroaren 16an ikatzaren berreskuratzeko. Sarea eginez hasi ziren eta joan den ortziralean hurbildu zuten egurra. Maiatzaren 18an, larunbat honetan, txondorra kargatu/muntatu eta maiatzaren 25an pizteko asmoa dute. Ekain erdian idekiko da ikatzaren biltzeko.

Jarduera ludikoa eta partehartzailea izatea nahi dute eta eraikuntzan edota zainketan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute, Jose Cazaubon kultur, animazio eta hizkuntza politika kargudunarekin (06 16 68 65 98, kultura@sare.fr) edo Sarako lezeetako Fabrice Iparaguirrerekin (06 81 33 51 60, lezea@grottesdesare.fr) harremanean jarriz.

Lehendik ere Lesakan, Goizuetan, Igantzin eta bertze zenbait lekutan ikatz-txondorrak egiten aritutako Andoni Etxenike goizuetarrarekin eta bere taldearekin ari dira lanean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun