Mendekoste Eguna maiatzaren 20an ospatuko dute Dantxarinean

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 17a, 14:30

Larretxea anaien eskutik herri kirolak ere izanen dituzte astelehenean Dantxarineko Mendekoste egunean.

Hainbat ospakizun prestatu dituzte astelehen goizerako eta 1.500 euroko erosketa bonuaren zozketa ere eginen dute

Datorren astelehenean, maiatzak 20, Mendekoste egunaren hamaikagarren edizioa ospatuko dute Dantxarineko Axularko aparkalekuan, Dantxarineko Merkatarien Elkarteak antolatuta. Mendekoste eguna 1940. hamarkadakoa da, Bigarren Mundu Gerra pasatu ondotik, mugak zenbait urtez itxita gelditu zirenean. Muga soilik Mendekoste astelehenean irekitzen ziren eta egun horretan Dantxarinean, mugako bi aldeetako familiak biltzeko aukera zuten.

Besta egun handia zen, salmenta-tokiak haien produktuak karrikara ateratzen zituzten eta musika, dantzak eta pilota partidak izaten ziren. Mugako bi aldeetatik jendez betetako autobusak etortzen ziren, egun batez haien familiekin eta lagunekin elkartzeko asmoz. Urteen poderioz, eta mugak irekiak zeudela, besta hau ospatzeari utzi zioten duela 40 bat urte.

Orain, Dantxarineko merkatarien elkarteak besta hau berreskuratu du eta dagoeneko hamaikagarren edizioa ospatuko du aurten.

1.500 euroren zozketa

Gainera, egun honetan, Udaberriko zozketa ikaragarriko irabazleari 1.500 euroko txekea ematen zaio. Irabazlea auto batean salmenta toki guztietan barna ibiliko da eta salmenta toki bakoitzean taloi bat hartuko du 1.500 euroraino ailegatu arte, Dantxarineko salmenta tokietan kontsumitzeko datozen hiru hilabeteetan.

Egitaraua

  • 10:00etan Puzgarriak, eta musika
  • 11:00etan Txu-txu trena Axulartik aterako da eta Dantxarineko benten barna ibiliko da
  • 11:00etan 1.500 euroko txekearen irabazlearen ibilaldiaren hasiera
  • 12:00etan Sagardo Txotxa eta txorizo pintxoa dohainik
  • 12:00etan  Larretxea anaien eskutik Herri Kirolen erakusketa
  • 14:00etan Festaren amaiera

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun