Nola definituko zenuke zeure burua?
23 urteko saratarra naiz, baratzezaina nire aitarekin batera.
Zein dira zure zaletasunak?
Kirol guziak maite ditut, pilota eta errugbia partikularki. Mendian ibiltzea ere gustuko dut.
Nondik heldu zaizu pilotarekiko zaletasuna?
Ttikitatik ezker paretako pilota partidak ikusten nituen euskal telebistan, igande arratsaldetan, familiarekin. Eskolan ere pilotan aritzen ginen, beraz, naturalki hasi nintzen jokatzen.
Noiz hasi zinen?
Zortzi urte nituenean hasi nintzen eskupilotan, Sarako Izarra taldean.
Zein modalitatetan aritu izan zara?
Trinketean, ezker paretan eta plazan aritu naiz. Orain trinketean bakarrik ari naiz, baina luzez ezker pareta nuen gehienik maite. Beran eta Lesakan txapelketa batzuk egin ditut gaztetan. 16 urtetan urte bat ezker paretan entrenatzen egin nuen Panpi Ladutxekin baina gero utzi nuen.
Gaur egun lehen mailan ari zara, ezta?
Bai, aurten lehen aldikotz lehen mailara igo naiz. Lehenik binazkako txapelketan ibili nintzen Unai Iribarrenekin, eta duela gutti buruz buruko txapelketan.
Alde handia ikusi duzu mailan?
Niretzat alde handiena fisikoa da, tantoak zailagoak dira egiteko.
Prestaketa ere exijenteagoa da?
Txapelketa edo partidarik ez dugularik, astean bi edo hiru entrenamendu fisiko egiten ditut eta bat edo bi tekniko, eskuen arabera. Txapelketa denboran, bi entrenamendu orotara egiten ditut, freskotasuna atxikitzeko.
Esku Huskako banakako finalean txapeldunorde izan zinen. Zein sentsaziorekin gelditu zinen?
Sentsazio txarrak izan nituen partidan, urduri nintzen. Elkarrekin ginen 10 arte, baina gero bero kolpe bat hartuta, ezin nuen Asierren erritmoa segitu. Asierrek bere titulua merezi du, txapelketa bikaina jokatu zuen. Eskerrak eman nahi diet lagunei egun hortako giro politarengatik.
Zure asmoak epe motzera?
Momentuz zauritua naiz, espero dut ongi sendatzea eta partida onak egitea uda honetan.
Eta epe luzera?
Goi mailan jokatzea egun batez.