Bildotsaren Eguna maiatzaren lehen iganderako prest dute Senperen

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 2a, 17:00

Txaranga lanean, joan den urteko Senpereko Bildotsaren Egunean.

Tokiko produktuen azokak eta animazioek beteko dituzte karrikak programa mamitsua duen ospakizunean

Maiatzaren 5an, igande osoan, Bildotsaren Egunaren karietarat, tokiko produktuen azokak eta animazioek beteko dituzte Senpereko Karrika Nagusia, pilota plaza, baita Xan Iturria plaza ere, oihalezko-etxe erraldoiaren pean iraganen den bazkari bikainarekin.

Koka eta Pintxo lehiaketa (10:00-11:00); bi sukaldari maixuen (Pascal Berrotarran senpertarra eta Xabier Zabaleta Kortazar donostiarra) errezetak aurkeztuak bildotsaren inguruan (10:30- 11:30); Artzain xakur lanaren erakusketa Nicolas Dokhelar-ekin (12:00), Joaldunen desfilea (12:30); bazkari animatua, Les Joyeux bandarekin (13:00); ardi-gasnaren fabrikatze erakustaldia Beñat eta Mirentxu Ezcurrarekin (15:30); Ur begi danborrada (16:00); dantza ikusgarria Zirikolatzekin (17:00). Jarraian Kolpez Blai Donostiako perkusio taldearen emanaldia.

Egun osoan, baserrietako tresneria eta traktore zaharrak ikusgai baita gurdi-zaldiak, haur-jokoen xokoa eta inguruko artzainen presentzia ere. Horra zer programa mamitsua eskainia den.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun