Benoît Cabanel

«Gure herriaren historia eta kultura ezagutzeko jokoa da Saran Astia»

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 28a, 10:00

Saran Astia jokoa sortu duten hiru burasoak. Ezkerretik hasita, Joanes Garcia Basurko, Ana Dutournier eta Benoît Cabanel.

Benoît CABANEL, Saran Astia jokoaren egileetako bat

Sarako Olhain ikastolarentzat diru iturri xerka hasi, eta Saran Astia izeneko pista jokoa ondu dute ikastolako hiru burasok. Ber gisan, «gure herriaren bertze alde bat erakutsi nahi izan dugu».

Sarako Olhain ikastolarentzat diru iturriak xerkatzen hasi eta Saran Astia izeneko pista joko bat sortu dute Ana Dutournier, Joanes Garcia Basurko eta Benoît Cabanel ikastolako burasoek. Bi urteko lanaren emaitzak joan den urteko udan ikusi zuen argia, eta erantzun ona izaten ari da. Bertako eta kanpoko jendearentzat egin dute, hamabi urratsetan 24 enigma ebatzi eta bukaeran altxorra atzemateko. Hala, «postaletako herri ttipi famatu» horretatik at, «gure herriaren bertze alde bat erakutsi» nahi izan dute. Frankismotik ihesi, Sarara joan zen aitatxi baten bizia segituz osatu dute jokoa. Hain justu haren gutuna da guztiaren abiapuntua.

Nondik sortu zitzaizuen jokoa egiteko ideia? 

Holako pista jokoak eginak zituzten bertze herrietan, bai Frantzian, bai Euskal Herrian: Montpellierren, Azkainen, Parisen, Bordelen... Manera hori interesgarria atzeman genuen Sarako historia, herria eta kultura deskubritzeko. Gainera, Sarara kanpoko jendea etortzen da eta gure herria eta kultura gure maneran kontatzeko aukera bat da, eta bide batez, bertze diru sartze bat.

Joan den udan estreinatu zuten jokoa eta erantzun ona izaten ari dela kontatu du Cabanelek. 

Nolakoa izan da jokoa garatu bitarteko prozesua? 

Lehenik istorio bat sortu genuen. Gure pista jokoaren istorioa aitatxi batena da. Gernikakoa zen, eta bonbardaketaren ondotik, Sarara ihes egin zuen. Eresoinka taldeko kidea zen (Eresoinka Gerla Zibilean sortutako taldea da, Hego Euskal Herrian bizi zuten egoeraren eta euskal kulturaren berri Europan emateko asmoz sortua) eta Saran maitasuna atzeman zuen. Bigarren Mundu Gerlaren ondotik, Ameriketara joan zen eta han bere familia eraiki zuen. Hil aitzin, bere bilobei Saran altxor bat gorde zuela erranez idatzi zien, baina gutuna ez zen sekula arribatu. Jokoa erosten duenak gutun hori errezibituko du. Bizkarrezurra argi izanda, jokoan inspiratu ginen. 

Mugarik izan duzue? 

Egia errateko, ez dugu muga handirik sentitu. Sarako Herriko Etxeak sustengatu du proiektua eta gure artean, gure sormenari ez diogu mugarik eman. Erranen nuke zailena, ber momentuan, zerbait dibertigarria eta informatiboa eraikitzea zela. Pista joko horren urrats batzuk Euskal Herriari buruzko informazioa da eta, ber gisan, haurrak eta familiak dibertitzea da helburua.

Gutuna, mapa eta jokoan parte hartzeko gainerako dokumentazioa. 

Nondik heldu da Saran Astia jokoaren izena? 

Sarako lema dugu Saran astia. Sarako jendeak denbora hartzeko fama du. Bizitzeko, pote bat hartzeko, lagunekin mintzatzeko... Bizi garen munduan, familiarekin joko bat egiteko momentutxo bat hartzea, zure haurrekin edo zure familiarekin denbora hartzea, gero eta zailagoa da. Hortakotz, Sarako lema egokia iduri zitzaigun.  

Jokoa azalduko zenuke? 

Jokoak bi ordu eta erdi irauten du, guti goiti-beheiti. Jokoa erosten duenak aitatxiren gutuna, Saran mugitzeko planoa eta laguntzeko dokumentua errezibituko ditu. Jokoa herriko etxearen aitzinean hasten da. Ez da material berezirik behar eta edozein adinetakoak egiten ahal du. Badira hamabi urrats eta urrats bakoitzean hitz gako bat atzemateko enigma bat izanen da. Hitz gako guziek altxorrera eramanen dute, eta bertze enigma bat hurrengo urratsa non den jakiteko da. Enigmak edozein gisatakoak dira: ingurumenaren behaketa, puzzleak, idaztekoak... Jokoa lau hizkuntzatan dago: euskaraz, frantsesez, espainolez eta ingelesez.  

Zergatik lau hizkuntzatan? 

Sararat etortzen diren pertsona guziei proposatu nahi diegu jokoa, euskara erabiltzen dutenei eta erabiltzen ez dutenei. Ez dugu ahantzi behar udan Sarara kanpotar pila etortzen dela, batzuk arratsalde batentzat justu. Haiei ez badiegu guk egiten, nork kontatuko die gure historia?

«Sara ez da postaletako herri ttipi famatua bakarrik»

Zerk egiten du joko hau berezi? 

Jokoa osoki euskaraz pentsatua izan da. Jokoa bertze hizkuntza batean erosten baduzu ere, euskaraz jostatzen ahalko zara. Hitz gako guztiak euskaraz atzeman behar dira. Ondorioz, euskararen erabilpena eta deskubritzea jokoaren erdigunean dira. Hartarako, hiztegi ttipi bat utzi diegu euskaraz ez dakitenei. 

Frankismoa, Gernikako bonbardaketa, Eresoinka taldea, Ameriketara migrazioak, XVII. mendeko sorgin ehiza... Zergatik gai horiek? 

Sara ez da postaletako herri ttipi famatu bat bakarrik. Sarak bere historia, bere berezitasuna eta bere nortasuna ditu. Batzuk alde erromantikoa edo tipikoa bakarrik atxikiko dute, baina guk gure herriaren bertze alde bat erakutsi nahi genuen. Sara Euskal Herrian dago, Nafarroarekin muga luzea partekatzen du eta uste dugu gure herria ulertzeko gako batzuk eman behar direla.  

Joan den udan estreinatu zenuten, zer moduzko harrera izaten ari da? 

Egin ditugun saio guziak biziki baikorrak izan dira: haurrak, helduak, familiak, kanpotarrak... Kontent gara emankorrak izan direlako. Espero dugu hola segituko duela.

«Jokoa biziarazteko prest den norbait atzeman nahi genuke»

Zer mezu emanen zenuke? 

Ez da mezu berezirik. Pista jokoa erosiko dutenek momentu goxo bat pasatuko dutela espero dugu, gauzak ikasiz eta plazera hartuz. 

Etorkizunera begira baduzue bertze asmorik? 

Pista jokoa egina da, eta orain, desafioa jokoa biziarazteko prest den norbait atzematea da. Hala, datorren urteetan jokoa beti bizirik egonen da. 

Zerbait gaineratuko zenuke? 

Informazio praktiko batzuk beharbada. Jokoa Sarako Turismo Bulegoan salgai da, hamar euro balio du, eroso aritzeko lauzpabortz pertsonentzat egina da eta ez da material berezirik behar. Idazteko tresna bat eta mugikorra bakarrik, QR kodeak badirelako informazio gehigarria eskuratzeko eta azken enigmarentzat. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun