Bere sorterria deskribatzeko orduan, «Urdazubi, naturaz inguratutako herri ttipi euskalduna» dela nabarmendu nahi izan du eta aurreiritziak albo batera uzteko eskatu du: «kanpokoek Urdazubiz duten ikuspegia aldatuko nuke. Herri erdaldun eta sakanabanatua izatetik urrun dago gure errealitatea eta zenbait komentario entzuteak min ematen digu herritarrei».
«Kanpokoek Urdazubiz duten ikuspegia aldatuko nuke»
Mugarik gabeko herria
«Herri lasaia eta aldi berean mugitua dela» ere aipatu du Urdazubiz hitz egitekorarekin: «herri ttiki batek izaten ahal duen bizitasuna du. Egia da Dantxarinea bezalako auzo bat izateak bizitasun gehiago ematen diola». Kontraesana dirudien arren, «mugarik gabeko herria» dela ere azpimarratu du «mugako herri bat izanda ere, herritarrendako ez dago inongo diferentziarik Ainhoa edo Sara eta Baztanen artean».
Euskara irakaslea da lanbidez eta ergatibo eta deklinabideak irakastearekin batera, «gure hizkuntzarekiko kontzientzia eta maitasuna ere transmititu» nahi die bere ikasleei. Irakasle izanda, irakatsiz ikasteko aukera ere baduela dio: «pertsonekin lan egiteak etengabeko irakaspena ematen dit. Arras polita da ikasleegandik egunero zerbait ikastea».
Berriemaile
Ez da euskararen bueltan egiten duen ekarpen bakarra, TTIPI-TTAPA aldizkariko berriemailea ere bada: «aitzineko berri emaileak utzi zuela ikusi nuen eta TTIPI-TTAPAko ale aunitzetan Urdazubiko berririk ez zegoela ikusten nuen. Urdazubik ere presentzia behar zuela pentsatu nuen eta Iraia lagunari aipatu nion bien artean Urdazubiko berriak biltzea. Baiezkoa eman eta ordutik gustura ari gara lanean!»
Urdazubiko berrietan, «herriak ematen dituen berri ttipiak» izaten dira nagusi: «herriko mugimendua erakusten dutenak. Herriko irakurleengan pentsatu eta haiek identifikatuak sentituko diren berriak bilatzen ditugu, ulertuko dituztenak».
«Uste dut gero eta elkartuago dagoen herria garela»
Orain arte eman dituzten berrien artean bakarren bat aukeratzeko eskatutakoan, ez du zalantzarik egin: «haurrak sortu direla errateak beti ematen du alaitasun berezi bat». Badu beste bat ere gogoan: «joan den urteko Korrikako edizioan urdazubiarrek Nafarroako azken kilometroan lekukoa eraman genuela erratea ere aunitz gustatu zitzaigun». Horrekin lotuta, gustura emanen luke honako albiste hau: «Korrikaren hasiera Urdazubin izan dela gustura idatziko nuke, nahiz eta zaila izan». Horregatik, «alaitasuna eta besta lotzen dituen edozein berri» emanda gustura sentitzen dela dio.
Idatzi dituen berriak herriko giroaren erakusle dira eta azken urteetan aldaketa egon dela uste du: «gero eta ekintza gehiago egoten dira herritarrentzat eta horrek bizi gehiago ematen dio herriari».
Denbora libreaz gozatu
Herriko albiste eta argazkiak biltzen ematen du bere denbora librearen zati bat. Gainerakoan, ez da erlojuaren kontra borrokan ibiltzen den horietakoa: «ez naiz arras okupatua bizi den neska bat. Irakurri, familiarekin eta lagunekin egon, ilobekin jostatu, ondoko herrietan dauden zenbait ekitaldietara joan… halaxe gozatzen dut». Musikak ere leku garrantzitsua du bere bizitzan: «musika entzutea aunitz gustatzen zait, hortaz kontzertuetara joatean aunitz gozatzen dut». Irakurtzea ere aunitz maite du, batez ere euskaraz «eta horrekin lotuta, hitz jokoak eta hizkuntzak eskaintzen dituen jokoak ere gustatzen zaizkit». Natura ere gustuko du «eta hark ematen didan lasaitasunaz gozatzea» eta jatea ere aunitz gustatzen zaio: «janari desberdinak eta zapore desberdinak probatzen saiatzen naiz».
Horiek guztiak kontuan hartuta, hari mutur bakoitza lotzen duen plana josi du astebururako: «goizean mendi buelta bat eman lagunekin, bazkari eder bat egin eta gauean kontzertu on batekin hasten den besta bat egin. Biharamunean plan lasaiagoa izanen nuke: irakurri, familiarekin otorduren bat egin… plana borobila da». Arazo bakarra du egindako proposamenak: «ezin dela asteburuero egin».