45. urtebetetzeko emanaldiak eskainiko ditu Senpereko Zirikolatz Dantza Taldeak

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 23a, 15:00

Zirikolatz taldeko dantzarietako batzuk.

'Dantz'Hari' ikusgarria emanen du Larrekon apirilaren 26an eta 27an

Senpereko Zirikolatz euskal dantza elkartea herriko biziaren zutabe nagusienetarik bat da. 45 urte betetzen dituela eta, gaur egungo eta lehenagoko dantzariak eta zonbait musikari Dantz’Hari ikusgarria prestatzen ari dira buru belarri. Covid aitzineko proiektua geldirik egon ondoan, orain bi emanaldi plazaratuko dituzte: apirilaren 26an, ostiralarekin, 20:30ean, eta apirilaren 27an, larunbatarekin, 18:30ean. Jarraian afaria. 8 eta 74 urteko ehun bat dantzarik parte hartuko dute ikuskizunean.

Dantz’hari hitz jokoa da: alde batetik, dantzan ari eta, bertzetik, belaunaldien artean sortzen duen haria ere aipatzen ditu. 

Zirikolatz liburua

Henri Duhau herriko idazleak liburu eder bat plazaratu berri du, bere kontura argitaratua. Hemen kondatzen dauzkigu garai bateko batasunaren sortzea, garatzea eta independente bilakatzea. Lehen batean Spuc Kirolari lotua (1972-1979), ondotik bereber ibiliko dena 1980tik aitzina, kirola eta euskal kulturaren uztartzeak nekeziak ezagutu baitzituen. Senpertarrendako egiazko altxorra da, argazki anitzek eta prentsako artikuluek ilustratzen dutelako. Anitzek beraien burua edo ezagunak aurkituko dituzte, hamarkada batzuen ondotik. Salgai da Lecuona liburutegian 20 eurotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun