Maiatzaren 12an ospatuko dute Senperen aurtengo Herri Urrats

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 14a, 08:00

Egunean biltzen den dirua Beskoitzen ikastola berri bat egiteko erabiliko du Seaskak. Zortzi gune izanen ditu aurten bestak, aitzineko urteetan baino bi gehiago, eta baita eszenatoki berri bat ere.

Iaz eguraldiak guztiz baldintzatu zuen Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko besta, eta besta ttipia egin zuten, egitarau murriztuarekin. Aurtengoa, berriz, «inoiz baino handiagoa» izanen dela aurreikusi dute antolatzaileek. Atzo aurkeztu zuten egitaraua Beskoitzeko ikastolan. Hain zuzen, bertan ikastola berri bat egiteko erabili nahi du Seaskak dirua.

Zortzi gune izanen ditu aurtengo bestak, denak ere Senpereko aintziraren inguruan kokatuak. Gunez gune, honakoa egitaraua izanen da.

  • Nafarroa berria gunea: Basapiztiak, Mister Xaguak, Zetkin, Delirium Tremens, Muga Zero (Maketa Lehiaketako irabazlea), Esne Beltza eta Leihotikan taldeak ariko dira. Esne Beltza taldearen azken emanaldia izanen da Herri Urratsen, taldeak aurten utziko baititu oholtzak.
  • Gipuzkoa gunea: Bertso saioa izanen da Amets Arzallus, Irantzu Idoate, Haira Aizpurua eta Unai Agirre bertsolariekin eta Xalbat Altzugarai gai jartzailearekin. Horrez gain, Baiona Kantuz ekimena izanen da, OPH eta Eire taldeen kontzertuak eta DJ Bull eta DJ Elepunto.
  • Xiberua gunea: Dantzaren gunean izanen da. Estitxu Robles eta Dantzaz, Neske, Brili Banda, Ortzadar eta Erregetxopitak eta Los Chancaires taldeekin dantzan aritzeko aukera izanen da.  
  • Lapurdi gunean Zapiain sagardotegia eta zikiroa izanen dira, Kuxkuxtu txarangak girotuta. Horrez gain Mantangorri eszenatokian Gurashow, Pontx pailazoa eta Eidaberen Gora Bihotzak ikuskizuna izanen dira.
  • Baxe Nafarroa gunea: Erronka nazionala eginen dute.
  • Bizkaia gunea: Gune berrietako bat izanen da, eta umeentzako puzgarriak egonen dira.
  • Kei gunea: Kattalin Elizalde kolegioan egonen den gune berria izanen da, eta pilota partidak egonen dira goiz osoan.

Horrez gain, aintziraren inguruan ibiliko dira joaldunak, Elektropottote eta Elektrotxorongo, Gaitistan... musikariak.

«Euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatuko dugu lau haizetara , ortzadar erraldio bat margotuz aintziran», aldarrikatu dute antolatzaileek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun