Nafarroaren Egunaren aitzineko Kulturaldia abiatu da

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 12a, 13:00

Apirileko azken igandean ospatuko da Nafarroaren Eguna Baigorrin, baina aitzinetik Kulturaldia antolatu du Basaizea elkarteak.

Apirilaren 28an ospatuko dute Nafarroaren Eguna Baigorrin. Egun handiaren aitzinetik, aurten ere Kulturaldia antolatu  du Basaizea elkarteak. Apirilaren 12an, ortziralean 20:00etan Gora Euskal herrientsak! liburu aurkezpen ilustratua eginen dute Urepeleko Amerikanoenean, urririk. Asisko Urmenetaren saiakera grafikoa da, Dom Campistronen kolaborazioarekin.

2023an urteurren bikoitza bete baita: 125 urte joan dira Kapitolina Buztintze Larrondo uxuetarraren Konpendiotik, baita Jule Fernandez Zabaleta iruindar maistraren jaiotzatik ere. Gora Euskal herrientsak! argitalpen kolektiboa da, eta memoria historikoaren berreskurapen-ariketarako lanabes izan nahi du.

Bistan da kulturaren transmisioan emakume aitzindarien zerrenda zabalagoa dela, eta komiki-album hau omenaldia ere bada kolektibo haiei: Emakume Abertzale Batza, Begiraleak eta Euskal Eskolak gauzatu zituzten maistra kontzienteei, errientsa herrizale haiei. Hala nola Kapitolina Buztintze Larrondo (Uxue, 1867), Malena Jauregiberri Erbin (Aloze, 1884), Jule Fernandez Zabaleta (Iruñea, 1898), Katalina Alastuei Garaikoetxea (Iruñea, 1899), Elbira Zipitria Irastortza (Donostia, 1906)…

Nafarroaren Eguna apirilaren 28an

Apirilaren 5etik, mintzaldiak, ikusgarriak, film emanaldiak eta aurkezpenak egin dituzte Baigorrin eta inguruan. Eta hemendik aitzinera, apirilaren 20an Euskal Herria Eguna eginen dute Bixentaenean; apirilaren 27an Ai gure juaneteak antzerki musikatua 20:30ean Biletxean; apirilaren 28an Nafarroaren Eguna eta maiatzaren 1ean Mejillon Tigre olerki errezitaldia Arrosan, 18:30ean.

Nafarroaren Egunean, 09:00etan merkatua eginen dute Gaineko Plazan eta askaria ikastolan Kuxkuxturekin; 11:00etan desfilea Behereko Plazatik abiatuta dantzariekin, ziganteekin eta musikariekin; 11:30ean ekitaldia elizako plazan eginen dute eta 12:30ean Bas'Hitza eta irrintzia; 13:00etan larrain dantza eta jauziak dantzatzeko aukera izanen da eta 14:00etan ikastolako bazkaria Plaza Xokon. Behereko Plazan, 11:30ean Rakatapunk elektrotxaranga hasiko da; 13:30ean Gaitistaneko orkestra; 15:30ean Elektrotxorongo elektrotxaranga eta 17:30ean Tukutuku txaranga. Haurren txokoan, 10:00etatik 19:00etara puzgarriak, egurrezko jokoak eta aurpegi tindaketa izanen dituzte; 17:00etan Pontx pailazoa eta 18:00etan zirku ikusgarria hasiko dira. Familien txokoan, 15:00etan bertso saio musikatua eginen dute Amets Arzallus, Xabat Illarregi, Ane Labaka eta Miren Amuriza bertsolariekin eta Eneko Sierra eta Beñat Antxustegi musikariekin. 16:30ean dantza ikusgarria hasiko da; 17:30ean Kiki Bordatxo; 20:00etan Cumbian Berao; 22:30ean Belako eta 00etan Dj Uzkuluz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun