Igandean 11:30ean egin zuten hitzordua eta Ainara Maia arduradunak TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, «tantaka-tantaka agertu ginen Larraldearen aterpera, pixkanaka, 26 hatsaren poeta bildu ginen arte». Hain zuzen, 12:00etan berak hartu zuen lema eta aurtengo liburuaren sar-hitzaren egile den Joseba Aurkenerenari eman zion hitza, aitzinetik zenbait ohar tekniko-poetiko eginda. Aurkenerenaren ondotik, aurtengo libururen azaleko marrazkia egin duen Lander Zurutuza solastatu zen. Maiak esplikatu duenez, «zuri-beltzez margotutako marinela bere hatsaren bila abiatzen dena» da marrazkia. Auxtin Zamorak, berriz, Ainara Maiak musu-truk egindako lana eskertu zuen, eta «eskifaia osoari musu-truk egindakoa musuz ordaintzeko» eskatu zion.
Heldu den urteko Hatsaren Poesia libururako sar-hitzaren egile nor izanen den ere erabaki zuten zozketa bidez eta Joxe Luix Agirretxe izanen da. Horrez gain, azken 26 urteotako Hatsaren Poesia liburu sortaren zozketa ere egin zuten, eta Oier Saratsuari tokatu zitzaion. «Heldu den urteko liburuaren azalaren marrazkilari izateko Andrea Bella Uruguaiko euskalduna borondatetsu agertu zen», esplikatu du Maiak.
Aurtengo liburuaren aurkezpen ofiziala eginda, aperitifaren ordua ailegatu zen, eta Maiaren hitzetan, «edari eta zizka-mizka artean mintzatzeko eta elkarrekin hitz batzuk trukatzeko» probestu zuten tartea. Ondotik, mahaiaren bueltan bildu ziren bazkaltzeko, «sabela bete, elkarri gauzak kontatzeko eta kantuz ospatzeko». Arratsaldean, banan-banan mikrofonoa hartu eta liburuko beraien olerkia errezitatu edo kantatu zuten. Maiak gaineratu duenez, «arratsaldeko errezitaldira eskifaiako bertze bi lagun agertu ziren, Peru eta Markel donostiarrak, baita bertze bikote bat ere Donostiatik Berrian irakurri baitzuten 2024ko Hatsaren Poesia liburu berria aurkeztuko genuela eta entzule etorri ziren. Bi orduko itsas-bidaian abiatu ziren gurekin batera».
Hitzordua borobiltzeko, «Gernikako Arbola euskal ereserkia abesten hasi zen Iñaki Lopez de Luzuriaga marinel ausarta, euskal topaketa hari agur esateko, eta ondotik, Auxtin Zamora kapitainak 2017ko olerki bustiak bideo poetikoa erakutsi zuen: bertako irudiak azaldu eta hatsakideon hitzak irakurri genituen, euskal poeton Gure Hatsa ereserkia elkarrekin kantatu ondotik».