Akitania Berriko errugbi txapelketako finalak jokatu dituzte aste hondar honetan. Larunbatean, bigarren eta hirugarren mailako finalak jokatu zituzten Bidarten eta bietan eskualdeko taldeak izan ziren. Senpereko SPUCek gozotik dastatu zuen, bigarren mailako finalean Ustaritz-Jatxou taldeari 35-20 irabazita. Hirugarren mailako finalean, aldiz, Sarako Izarra taldeak 22-27 galdu zuen Azkaineren kontra. Giro bikaina izan zen Bidarten.
Izugarrizko denboraldia egin du Senpereko taldeak, partida guztiak irabazi baititu, bat salbu. Hemendik aitzinera, Senpereko SPUC taldea Akitaniako txapelketan sartuko da eta, ondotik, Frantziakoan.