Josu Urrestarazu eta Oihana Azkorbebeitia nagusitu dira igandeko Sara Korrika Trail mendi lasterketan

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 3a, 09:00

590 korrikalarik lortu zuten igandean Sara Korrika Trail lasterketa bukatzea. Argazkia irteerakoa da.

22 kilometro luze eta 1.600 metroko desnibel positiboa duen Sara Korrika Trailen parte hartzeko izena eman zuten 618 kirolarietatik 590ek lortu zuten helmugara ailegatzea igandean. Horien artean, Idiazabalgo Josu Urrestarazu Garcia izan zen bizkorrena (2.05.07) eta Esclops D’Azun talde frantziarreko Adrien Astle (2.06.09) eta Romain Lacaste (2.07.05) izan zituen lagun podiumean. Hodei Lujanbio goizuetarra laugarren izan zen (2.08.41). 2016an Oier Ariznabarretak egin zuen proba honen errekorra (1.51.21).

Sara Korrika Traileko gizonezkoen podiuma. Laugarren, eskuinean, Hodei Lujanbio goizuetarra. Argazkia: Pierre Ezcurra

Lehen emaztea Oihana Azkorbebeitia izan zen (2.35.24), Larraitz Etxebeste bigarren (2.36.00) eta Sarah Dinclaux hirugarren (2.41.00). Oihana Kortazarrek egin zuen emaztekien errekorra 2016an (2.18.37).

Sara Korrika Traileko emakumeen podiuma, Azkorbebeitia, Etxebeste eta Dinclauxekin. Argazkia: Pierre Ezcurra

Sailkapen osoa

Denek opariak izan zituzten eta Lur Berri gelan talo eta edateko ausarki. Sara Korrika Elkarteak denak eskertu zituen, bai bere kideak baita borondate oneko guziak ere.

 

Kilometro bertikala bezperan

Joan den urtean bezala, bezperan, larunbat arratsaldearekin, Sara Korrika bertikala egin zuten, 4,5 kilometro luze eta 800 metroko desnibel positiboan duen proba. 64 korrikalarik hartu zuten parte. Emakumeetan, joan den urtean bezala, Iruñeko Maria Ordoñez izan zen lehena (41.29), bigarren Maud Combarieu (42.16) eta hirugarren Rebeca Mariño (45.14).

Larunbateko kilometro bertikaleko podiumean, gizonezkoen eta emakumezkoen hiru onenak.

Gizonezkoetan lehena, Ascain Elgarrekin taldeko Thibaut Bertrand izan zen (34.35), bigarren, segundo bakarrera, Txurregi taldeko Mikel Beunza (34.36) eta hirugarren Ascain Elgarrekin taldeko Damian San Martin (35.14).

Sailkapen osoa

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun