‘Saran Astia’ pista jokoa sortu dute Sarako Olhain ikastolako burasoek

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 19a, 16:00
Familia bat 'Saran Astia' jokoarekin jostatzen Sarako plaza inguruan.

Bi ordu eta erdiko ibilaldia proposatu dute, 12 etapaz eta 24 enigmaz osatua, altxorra bilatzeko

Sarako Olhain ikastolako burasoek eta herrian iragaiten den pista joko bat sortu dute. Joko horren bidez gure herriko kultura, historia eta hizkuntza deskubrituko duzue. Irabaziak ikastolaren funtzionamenduarentzat izango dira. Proiektu hori duela lau urte hasi zuten eta herriko etxearen laguntzarekin joan den udan estreinatu zuten.«Lehen oharrak biziki baikorrak dira», jakinarazi dutenez.

2020. urtean Olhain ikastolarentzat diru iturri berriak xerkatzen zituela, buraso talde bat proiektu kultural baten inguruan elkartu zen. Pista jokoa bi urteko lanaren emaitza da, «bertako eta kanpoko jendearentzat pentsatu jokoa».

Saran Astia (herriaren lema) Sarako plaza inguruan egiten den bi ordu eta erdi inguruko ibilaldi ludiko ba da. Parte-hartzaileek eskuratuko duten gutun azalean gutun bat, mapa bat, enigma liburuxka bat eta laguntza orri bat aurkituko dituzte.

Umeak 'Saran Astia' jokoarekin.

 

«Hamabi etapaz osatua den ibilaldian 24 enigma ebatzi behar dira, bukaerako altxorra aurkitzeko. Gure herriaren historia, kultura eta gure hizkuntzarekin jolasteko manera ludikoa da», diote burasoek.

Jokoa bakarrik, familian ala lagun artean egin daiteke. Euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez eskuragai da. Sarako Turismo bulegoan 10 eurotan salgai da. Sarako leizeek taldeentzako pack berezi bat proposatzen dute.

Joanes Garcia, Aña Dutournier eta Benoît Cabanel, Olhain ikastolako burasoak.

 

Gutun galdua

Gutun galdua Frankismoan ihes egin eta Saran erbesteratu zen aitatxi baten bizia segituz, Sarako herriaren eta Euskal Herriaren historiaren zati bat oroitzeko parada da: Gernikako bonbardaketa, euskal gobernamenduak sortu eta Saran erbesteratu zen Eresoinka taldea, Ameriketara egin migrazioak, XVII. mendeko sorgin ehiza… «Aitatxi horrek bere bilobei igorri gutunak hartzailerik ez du atxeman eta bere sekretuak zuen esku dira…».

Jokoak sortzen dituen irabaziak Olhain ikastolarentzat izanen dira. Bere funtzionamendua eta ikasleentzako proiektu pedagogikoak diruztatzeko laguntza bat da. Jokoa ikastolako burasoek dute pentsatu eta proiektua lagundu duten pertsona eta instituzioak eskertu nahi dituzte: Sarako Herriko Etxea, Sande Thommen eta bere ilustrazio zoragarriak, Arnaur Araguas artista bere zizel lan bat eskaintzeagatik eta plazako komertsantak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun