'Eukalyptus' antzezlana martxoaren 9an Sarako Lur Berrin

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 7a, 18:00
Eukalyptus proiektuari esker, Jon Ander Urresti bermeotar sortzaileak 2022ko Durangoko Azokaren Sormen Beka irabazi zuen.

Larunbatean 20:00etan hasiko da Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimen kulturalaren kari

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimen kulturalaren bigarren edizioaren kari, Jon Ander Urrestiren Eukalyptus antzezlana taularatuko dute martxoaren 9an, larunbatean, 20:00etan Sarako Lur Berri aretoan. Sartzea doan izanen da.

Eukalyptus proiektuari esker, Jon Ander Urresti bermeotar sortzaileak 2022ko Durangoko Azokaren Sormen Beka irabazi zuen. Matxalen de Pedrok eta Jon Ander Urrestik zuzendu dute lana, beraiek, Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazleak eta Beñat Urrutiak zortzi eskutara idatzitako testu batean oinarrituta, eta Urresti eta Urrutia bera arduratzen dira testuok agertoki gainean gorpuzteaz.

Laburpena

Lan harreman toxiko baten istorioa da. Lurjabea eta langilea. Inbaditzailea eta exotikoa. Handinahikeria eta zuhurtzia. Hiria eta herria. Industria eta paisaia. Botera eta beharra. Pertsona eta arbola. Paternalismoz jositako harreman absurdo bat. Elkar ulertzen saiatzen dira, elkarrekin lan egiten dute, elkarrekin sortzen dute historia baina elkarri mina ematen diote. Noiz arte?

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun