Mendi lasterketa aukera zabala izanen dute asteburuan Senperen

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 7a, 08:41
10 kilometrotik hasi eta 80 kilometro bitarteko mendi lasterketak aukeran izanen dituzte asteburuan Senperen.

SPUC Lasterka taldeak antolatuta, 80, 42 eta 10 kilometroko lasterketak izanen dituzte larunbatean eta Senpereko Trail ezagunena (21,5 kilometro) igandean, baita haurren lehiaketa eta oinezko ateraldia

Senpereko SPUC Lasterka taldeak mendiko lasterketen 12. edizioa antolatu du, martxoaren 9an eta 10ean. Larunbatean, 05:00etan abiatuta Tontorrez Tontor, 80 kilometroko lasterketa eginen dute; 08:00etan Gotor-Lekuen Itzulia (42 kilometro); 10:00etan Ibar Run trail (10 kilometro).

Igandean, Senpereko Trail lasterketaren hamabigarren edizioa, 21,5 kilometroko proba ezagunena eginen dute, 09:00etan abiatuta, baita haurren lehiaketa (09:15) eta oinezkoen ateraldia ere (07:00-08:30).

Aurtengo, oinezkoen ibilaldiak berezitasun bat badu, 5 euroko parte hartzea osorik emanen zaio PACS1 sindrome elkarteari. Eritasun genetiko honek hunkitzen du Senpereko neska bat, honen gurasoak ongi inplikatuak dira herriko elkarteetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun