‘Une Forêt’ antzezlana ikusgai izanen dute otsailaren 11n Senperen

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 8a, 15:00

Seme-alabak eta beraien amen arteko harremanak aipagai ditu 'Une forêt' antzezlanak. Argazkia: Michel Boermans

Igandean 17:00etan Larreko kulturgunean

 

Otsailaren 11n, igandean 17:00etan, Une Forêt izenburua duen antzezlana eskainiko du Joli Mai antzerki konpainiak Senpereko Larreko kulturgunean, bereziki zortzi urtez goitiko publiko gazte bati bideratua. Euskal Elkargoaren ekimenez, erreserba www.kultura-paysbasque.fr webgunean edo 06 35 16 25 91 telefonoan egin daiteke, baita sarreran bertan ere. Sarrera 10 euro ordaindu beharko da, 6 euro tarifa murriztua eta 4 euro hamabi urtez beheitikoak.

Petite eta Grand anai-arrebak dira. Amarekin bizi dira. Grand ospetsua da kolegioan. Petite, aldiz, zainetako tikez betea da, eta ondorioz ikaskideen trufak jasaten ditu. Gau batez, ustez eta seme-alabak lo direla, amak lagun bati telefonatzen dio eta, etsiturik, alaba hazteko zailtasunak dituela aitortzen dio. Baina Petitek dena entzuten du… Une forêt inspiratzen da Erpurutxo eta Hansel eta Gretel ipuinetan, kontakizun original bat sortzeko, seme-alabak eta beraien amaren arteko harremanak aipagai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun