Agiantzak egin dituzte Sarako auzapezak eta herriko kontseiluak

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 30a, 09:00
Hainbat saratar hurbildu zen Lur Berrira, Sarako kontseiluaren kontuen berri ezagutzera.

Battite Laborde Sarako auzapezak, bere kontseiluarekin, agiantzak egin zituen urtarrilaren 26an, ortzirale ilunabarrean. 120 bat lagun bildu ziren Lur Berri gelan: herriko elkarteetako ordezkariak, herriko enplegatuak, eskoletakoak, suhiltzaileak, Xareta eta bertze. 

Stephane Barneixe lehen axuantak eman ditu 2023an egindako lanen eta 2024an egitekoak direnen berri. Bideak trontzoka eraberrituko dituzte. Portutik Añimainerat jendea ibiltzeko bidearen lanen bigarren zatia kasik bukatua da eta eskerrak eman zizkien herriko enplegatu guziei, egin duten lanarentzat. Hil beilalekuak ere badu errekista, ez bakarrik herritarrentzat, auzo herrietatik ere etortzen baitira.

Sophie Garbiso, gai sozialetako axuantak, jende ainitzi laguntza ematen dietela jakinarazi zuen: paperak betetzeko, erretretatuen ateraldiak eta oturuntzak, CCAS elkartea antolatu hor ere laguntza ekartzeko eta aurten ere horrela segituko dutela erran zuen. Apezetxean bortz etxebizitza sozial eginen dituztela ere jakinarazi zuen.

Patxi Bazurko Jauregi kulturako axuantak elakrte guztiak eskertu zituen, urtean 700 bat aitada egiten baitituzte errugbian, eskubaloian eta, partikulazki, pilotan. Maritxu Arizkorreta eskoletako axuantak aipatu zuenez 260 ikasle badira herriko hiru eskolatan. Aisialdi zentroan ere gero eta haur gehiago badira eta ongi koordinatu behar dira, nehor ez ahazteko. Eskola emaileak eta haur atxikitzaileak eskertu zituen eta gogoratu zuen kantinan 150 bat badirela bazkaltzeko. Beñat Zunda sukaldariak erretreta hartuko du apirilaren lehenean eta, beraz, bertze sukaldari baten bila ibilki dira.

Carmen Errandonea laborarien axuantak adierazi zuen eginahalak egiten dutela laguntza ekartzeko laborariei eta mendiko bideak ongi mantentzeko.

Bukatzeko, Jean Michel Jauregi diruzain axuantak kontuak positiboan dituztela jakinarazi zuen, baina martxoan buxeta bozkatuko dute eta hor dena emana izanen da. Beti bezala, ondotik pintxoak ea edariak izan ziren denentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun