Ihauteriak iragarriz auzoz auzo dabiltza zakuzaharrak Senperen

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 19a, 13:00
Senpereko gazteak auzoz auzo dabiltza ilbeltzeko larunbatetan, otsailaren 3an ospatuko diren ihauteriak iragartzen.

Otsailaren 3an iraganen diren Ihauterien prestakuntzetan ari dira balekibale, zakuzaharrak elkarteko kideak. Etxez-etxe ibiltzeko ohitura dute, egitarauen partekatzeko eta, batez ere beraien dantza, kanta, musika eta irriak eskaintzeko auzoetan. Jadanik Olha eta Ibarrun auzoetan ilbeltzaren 6an, eta Amotzen hilaren 13an ibiliak dira eta larunbat honetan, ilbeltzak 20, Urguri auzoan ibiltzekoak dira. Ihauterien aitzineko lanak bukatzeko Hergarai auzoan izanen dira hilaren 27an.

Lehengo galderak zioen «Xingar eta arroltze, bat edo bertze, biak hobe», eta hari beretik dabiltza eta ibiliko dira aurten ere. Dena den harrera onena merezi dute beraien animazioekin bazterrak eta bihotzak alaitzeagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun