Sarako Axuri’Arte elkarteko kide egiteko kandidaturen deialdia egin dute

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 18a, 17:00

Axuri'Arte elkartearen galeria Saran.

Elkarteko bi artista permanentek uzten dutela eta berriak integratu nahi dituzte apirilaren 1etik goiti

Sarako Axuri’Arte 2016ko martxoan sortu zuten eta Euskal Herriko artisten eta artisauen lana ikusaraztea helburu duen elkartea da. Elkartearen lokalak Sarako herri barnean dira, urte osoan idekiak eta kolektiboki kudeatuak diren galeria eta tailer batez osatuak. Urte osoan, tailerrak, kurtsoak eta gaualdi tematikoak antolatzen ditu elkarteak, publikoari idekiak.

Axuri’Arte idekia da astean 5-6 egunez urte osoan, aktibitate bat atxikiz herrian. Heldu eta haurrendako eltzegintza kurtsoak proposatzen ditu urte osoan eta bere erakusketa espazioaren bidez 12 artista, artisau edota kolektibo biziarazten ditu. Gaur egun elkarteko bi artista permanentek utziko dute eta kide permanente berriak integratu nahi dituzte taldea osatzeko.

Kide hauek hilabetero hiru egun zerbitzua hartu beharko lukete, funtzionamenduan eta elkarbizitzan parte hartu (bilkurak, kontularitza, komunikazioa, antolaketa…) eta artisten lana ikusarazteko baliabideak garatu. Hori bai, elkarteko kideek ohartarazi dutenez, «Ez dugu buztinlaririk, zeramikaririk, pintorerik, ilustratzailerik edo bitxi sortzailerik onartuko, anitz ditugulako gure galerian oraindik».

 

Urtebeteko engaiamendua apirilaren 1etik goiti

Axuri’Artek urtebeteko engaiamendua galdegiten du, apirilaren 1etik goiti. Urtero hitzarmen bat izenpetua izanen da engaiamenduaren berritzeko. Interesdunek mezu bat bidali behar dute urtarrilaren 31 baino lehen axuriarte@gmail.com helbide elektronikora edo posta arruntez (50, Apezetxeko bidea – 64310 Sara). Informazio fitxa osatua, aktibitate froga dokumentatuaz, obra eta objektuekin hamar argazki gehienez, ahal bada erakusketetako hiru argazki gehienez eta hitz ttipi bat, ibilbidea eta interesa aurkezteko, bidali beharko dira mezuan.

Axuri-Arteko kide permanenteek kandidaturak irakurri eta atxikitako eskatzaileekin harremanean jarriko dira elkarrizketa bat egiteko. Elkarrizketaren ondotik erantzun bat emanen dute, apirilaren 1ean hasita taldean sartzeak proposatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun