Ania Oronoz eta Marie Goienetxe saratarrek elite mailako eskuz binakako Master txapelketa jokatuko dute aurten lehen aldiz

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 12a, 16:00
Joan den urtean pilota goxoarekin txapeldun izan ondotik, pilota mistoko elite mailan lehen aldiz lehiatuko dira Goienetxe eta Oronoz saratarrak.

Bederatzi bikotek parte hartuko dute maila nagusian, martxoaren 17an Arrasaten jokatuko den finalerako txartelaren bila

Joan den urteko pilota goxoko txapelketan txapeldun izan ondotik, bertze urrats bat eman eta Emakume Master Cupek eskuz binakako Master Laboral Kutxa txapelketan pilota mistoarekin elite mailako txapelketan parte hartuko dute aurten lehen aldiz Ania Oronoz eta Marie Goienetxe saratarrek. Lehen partida urtarrilaren 21ean izanen dute Eskoriatzan (Gipuzkoa), Arraiza eta Arribillagaren kontra eta bigarrena urtarrilaren 28an Larrabetzun (Bizkaia), Arrizagalaga eta Erasunen kontra, pilotalekua inauguratuz gainera.

Denera bederatzi bikotek parte hartuko dute elite mailan, hiru multzotan banatuak. B multzoan ariko dira saratarrak eta arestian aipatutako bertze bi bikoteak. A multzoan Aldai-Zabala, Beitia-Mendizabal eta Uriarte-Capellan ariko dira eta D multzoan Garai-Oses, Etxegarai-Gaminde eta Ibarrola-Bergara. Multzo bakoitzean lehen postuan sailkatutako bikoteak eta bigarren onena sailkatuko dira martxoaren 3an Elgoibarren (Gipuzkoa) jokatuko diren finalerdietarako. Finalerdietako irabazleek martxoaren 17an jokatuko dute finala Arrasateko Uarkapen (Gipuzkoa) eta galtzaileek hirugarren posturako lehia astebete lehenago, martxoaren 10ean Laudion (Araba). Finalerdiak eta finala zuzenean emanen ditu Euskal Telebistak.

Elite mailan ariko diren pilotarietako batzuk, aurkezpenean.

 

Denera 72 pilotari

Baina pilota mistoko elite kategoriaz gain, bertze hiru kategoriatan banatuak ariko dira pilotariak binakako txapelketa honetan: pilota mistoarekin gazteak eta promesak ere ariko dira eta pilota goxoarekin maila bakarra, nagusiena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun