AMAIA IRIONDO SALABERRIA

«Antzerkiak memoria lantzen eta sozializatzen laguntzen gaitu»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 19a, 08:00

Jubilatuen eta pentsiodunen elkartea da Harremana, eta pertsona adinduen topagune den jubiloteka zerbitzua eskaintzen dute Baztanen. 2014an abiatu zen ekimena Iruritan, eta bederatzi urtez aritu dira lanean «proiektu ilusionagarri honetan». Joan den urtean antzerki tailerra abiatu zuten, eta antolaketa lanetan aritzen da Zugarramurdin bizi den Amaia Iriondo Salaberria.

Non aritzen da Harremana jubiloteka? 

Baztanen lau herritan dago irekia jubiloteka: Amaiurren, Iruritan, Elizondon eta Erratzun. Aste tartez biltzen gara; Amaiurko tabernan astelehen arratsaldetan, Iruritako Erreboteko plazan astearte goizetan, Elizondoko Arizkunenean astearte eta ortzirale arratsaldetan eta Erratzuko Lixutegian ortzegun arratsaldetan. Elizondoko eta Iruritako saioak Ether Carrizok gidatzen ditu. Gainera, Urdazubin eta Zugarramurdin ere aritzen gara.

Hainbat urteren ondotik, iaz antzerki tailerra berrartu zenuten. Zergatik? 

Iruritan jubiloteka ireki genuenetik, antzerkia berreskuratzeko beharra ikusi genuen taldean. Ezinbertzeko aktibitatea da eskualdean, tradizio luzekoa Iruritan. Antzerkigintzak sozializatzen laguntzen gaitu, eta memoria, arreta eta kontzentrazioa bezalako funtzio zerebralak aktibatzen ditu; parte hartzea, ahozko eta gorputzeko komunikazioa… laburbilduz, Harremana elkartearen helburuak betetzen laguntzen du. Josema Langarra gidoigileak prestatzen ditu antzezlanak eta zuzendari lanetan biak aritzen gara.

Nolako esperientzia izan zen?

Arras ona, sei laguneko taldea elkartu ginen, eta adinak nahasteko, hiru jubilatu eta hiru gazte aritu ginen. Elkar ezagutzeko eta lagunak egiteko aukera eman zigun honek.

Ikasturtea akitzeko jendearen aitzinean aurkeztu zenuten lana…

Bai, hiru emanaldi egin genituen: Urdazubin, Elizondoko zahar etxean eta Iruritan. Zahar etxeko emanaldia arras polita izan zen, jendeari ilusioa transmititu geniolakoz, baina hoberena Iruritakoa izan zen; jende aunitz etorri zen ikustera eta sorpresa polita izan zen.

Aurten ere tailerra abiatzeko asmoa duzue, ezta?

Bai, baina konturatu gara konpromiso haundia dela astero elkartzea. Horregatik, antzerki haundi bat egin beharrean mikroantzerkiak egin nahi ditugu; gai batekin hainbat antzezlan ttiki eginen ditugu, talde ttikiagotan lan eginez. Horrela ez dute beti denak etorri beharrik, eta malgutasun haundiagoa dugu. Gainera, ez da hainbertze memorizatu beharrik.

Noiz biltzen zarete?

Azaroaren 7tik goiti asteartero biltzen gara Iruritako Gizarte Bilgunean. Ekainera arte eginen dugu tailerra eta arratsaldez elkartzen gara, 17:00etatik 19:00etara bertako aretoan.

Nork parte har dezake? 

Belaunaldiarteko jarduera da, eta adin guzietako pertsonak dira ongi etorriak. Horrek parte hartzea aberasten du. Interesa dutenek 659 84 95 70 telefonora deitzen ahal didate izena emateko.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Elkartean zabalik gaude bertze gauzak egitera, eta jendea parte hartzera animatu nahi dugu. Momentuz, jubilotekarekin segituko dugu, jarduerak antolatzen. Adibidez, azaroaren 20an txokolate hartzea eginen dugu Iruritako Kaiola elkartean 16:00etan. Jubiloteka guzietakoak elkartuko gara; Urdazubikoak, Zugarramurdikoak eta Baztangoak, egun polita pasatzeko. Gehienek elkar ezagutzen dute Arkupean ibiliak direlakoz, 'Arkuperen seme-alabak' dira, errateko moduan. Baina taldekoek adin haundia dute normalean, ez denek baina batzuk bai, eta ezin dute Benidormera joan edo bertzelako bidaiarik egin. Horregatik aprobetxatzen dugu tailer hauek egiteko, bakardadeari aurre egiteko; denon artean gauzak errazago egiten baitira. Batzuetan kostatzen da etxetik ateratzea, baina probatu eta gero, astea pasatzeko ilusio bat izaten da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun