ANTTON ETXEBERRI DAINZIART

«Jendeen irriaraztea maite dut gehienbat»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 11a, 08:00

Errugbian aritzen da Sarako Antton Etxeberri Dainziart gaztea, eta kirolaz eta bestaz aritu da TTIPI-TTAPArekin

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Bizia maite duen eta uros den gazte bat. Besteroa eta kirolaria, biak betan ez badira sobera koherenteak ere.

Zein afizio dituzu?

Kirola zentzu zabalean. Ttikidanik pilotan aritu naiz, baina berriki pilota txapelketak utzi ditut errugbian aritzeko Saran eta realzalea naiz, noski.

Kirolean ikusle edo kirolean arituz, noiz gusturago?

Aritzean dut plazer gehiena hartzen, konpetizio zentzu hori baita beti.

Noiztik jokatzen duzu errugbian?

Hemezortzi urterekin hasi nintzen, orain bortz urte. Lehen lerroan aritzen naiz.

Derbia irabazi omen duzue berriki. Gustura? 

Azkaineren aurka, partida hertsia eta engaiatua izan da. Partiduan giro espeziala izan da eta bukaeran besta egin dugu denek elgarrekin!

Errugbi partidetan edo lagunarteko pilota partidetan, noiz izaten da lehia gehiago?

Errugbian irabazteak kalifikatzeko parada ematen ahal digu eta lagunartean, gure artean trufaka eta parioka ari gara; baina lehia bietan izaten da.

Mikrofono aitzinean ere ongi moldatzen omen zara... 

Gaztetan gaztetxearekin ihauterietan auzia idazteko eta errateko norbait behar zen eta niri tokatu zitzaidan. Plazer hartu nuen eta geroztik urtero egiten dut. Korrikako ekitaldian ere solas egin nuen behin eta orain gai-emaile aritzen naiz Sarako bestetan. Egia erran, jendeen irriaraztea dut gehienbat maite horrelako gauzak egitean.

Bestarako ere baduzu tartea?

Bai noski! Lagunartean, gaztetxean edo familiarekin beti momentu goxoak pasatzen ditugu!

Gozatzeko, aitzinetik lana egin behar...

Bai, Sarako gaztetxeko kidea naiz eta urtean zehar antolatzen ditugu gaualdiak, kontzertuak... Gure artean giro biziki ona dugu eta Sarako bestak antolatzen dituen gazteriarekin ere bai, elkar laguntzen dugu behar denean!

Bestondoa pasatzeko zein da zure sekretua?

Sekretua ez dut oraino atzemana maleruski! Besta berriz egitea beharbada? 

Zer du Sarak soberan eta zer faltan?

Bigarren etxebizitza sobera badira eta duela zonbait urte hetsi den ostatu mitikoa, Portua, falta da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun