Zugarramurdiko Herriko Etxe berritua inauguratuko dute azaroaren 10ean

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 8a, 10:00

Zugarramurdiko Herriko Etxea, frontoi zaharraren aldetik ikusita.

Oraindik ez dago lan guztia finitua, igogailua ez dagoelako martxan eta bizitegiak sukaldea muntatzea falta duelako, baina ortziralean eginen dute ekitaldia

Zugarramurdiko Herriko Etxea zaharberritzeko lanak burutu ondotik, azaroaren 10ean inauguratuko da. Egun horretan, ortziralean, 19:00etatik aitzinera herritar guztiak gonbidatuta daude Zugarramurdiko Herriko Etxeko xoko guztiak ezagutzera.

Argazkian ageri den bezala, eraikuntza handitu dute, bai gaineko terraza estaliz, baita frontoi zaharrari hamar bat metro hartuz ere. Barneko aldean ikusiko diren desberdintasunei dagokienez, jatetxeak bi jangela dituela, bata beheitian eta bertzea lehenengo pisuan, eta azkeneko pisuan bizitegi bat badagoela, ostatua errentan hartzen duenarentzat egokitua.

Azken lanak egitea falta

Halere, oraindik ez da berrikuntza lana guztiz finitua, igogailua ez dagoelako martxan, eta bizitegiak sukaldea muntatzea falta duelako, baina lan horiek ere laster eginen direla jakinarazi du Zugarramurdiko udalak. Ondorioz, luze gabe jatetxearen errentamenduaren enkantea ere martxan eman nahi da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun