AINHOA ETXENIKE

«Arraunak sakrifizio anitz eskatzen ditu, baina emaitzak merezi du»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 28a, 10:00
Aitor Arrizabalaga / Euskotren Liga

Urruñan bizi den 19 urteko senpertarra da Ainhoa Etxenike. Arraunzale amorratua da, «baina nahiko berriki, ez ttikitatik. Iparraldean ez zegoen batere garatua eta ez nuen ezagutzen». 

Taldez talde

Anaiari esker ezagutu zuen arraunaren mundua; «Donibane Lohizuneko Ur Joko taldean hasi zen, kolegioko lagunek animatua, eta orduan joan nintzen lehenengoz estropadak ikustera. Lehenengo begiradarekin maitemindu nintzen, eta kirol hori niretzat egina zegoela eta maitatuko nuela jakin nuen. Estropadak bukatzean ni ere taldean sartu nintzen. 11 urterekin hasi nintzen patroi gisa ontzi ttikietan Alebin kategorian, eta arraunean hasteko adina nuenean hasi nintzen estropadetan. Geroztik arraunlari izan naiz beti».

«Orion hastea salto ikaragarria izan da maila aldetik»

2021ean Jubenileko lehen urtean hasi zen traineruetan, Lapurdiko nesken arraun taldean. «Taldea urte horretan bukatu zen, eta arraunean segitu nahi genuen sei neska gelditu ginen. Beraz, hurrengo urtean bertze elkarte batzuengana jo genuen, eta Hernaniko taldean hasi ginen Lapurdiko seiak».

Orain, berriz, Orioko Orialki emakume taldean ari da Etxenike: «salto ikaragarria izan da, maila altuagoa baita eta Ligan lehiatzen delako. Zaila izan da, mentalki eta fisikoki, baina esperientzia biziki polita da».

Aurtengo denboraldiari begira, «bigarren urtez hasiko naiz Orion, baina oraingoz pausa denboran gaude. Arraunetik deskonektatzeko baliatzen dut denbora hau, gero jo eta ke hasiko baikara». Gainera, «aurten taldekide berriak izanen ditugu eta ekipoa nola osatuko dugun ikusteko gogoa handia dut».

Taldeko lana

Arrauna «kirol gogorra» dela dio, «azaroan hasten dugu sasoia eta ordu aunitz pasatzen ditugu fisikoa prestatzen, astean lauzpabost entrenamendu eginda. Abenduan hasten gara uretara ateratzen eta udan entrenamendu gehienak uretan egiten ditugu, bi-hiru orduko sei entrenamendu astean. Materiala prestatu eta zaindu ere egin behar dugu eta beraz saioak luzatu egiten dira».

Hala ere, «taldean lehiatzea anitz maite dut. Biziki berezia da, taldean irabazi edo galtzen duzulako, ez zuk bakarrik. Bertzeak gabe ez zara deus eta bertzeak zu gabe ez dira deus». Gainera, «estresa hobe kudeatzen dugu taldean eta elkarrekin sufritzen dugu. Bukaerako garaipena askoz politagoa da».

Emakumeen egoera arraunean «anitz» hobetu da; «pausoak egin dira aitzinera, bereziki aurten, goi mailan lau beharrean zortzi traineru izan baitira -mutiletan 12 izaten dira-. Hala ere, oraindik badago lana egiteko, emakumeek ez dutelako garrantzia handirik, bereziki bigarren mailan». 

Honez gain, «mutilekiko desoreka handiak izaten dira maila guztietan, eta lan gogor eta luzea dugu oraindik egiteko. Ez dut uste mutilek baino merezimendu gutiago dugunik, eta elkarte batzuetan mutilek dute lehentasun eta errekonozimendu guztia».

Anitz eman eta kendu

Arraunketa «nire bizi osoa da, poza eta zoriontasuna ekartzen dizkit. Anitz sufritzen da, baina sufritze positiboa da, taldean delako. Gure arazoak ahaztu eta sufritzen ikasten eta maitatzen dugu. Arraunik gabe ezingo nintzateke bizi, oraingoz».

«Emakumeen arraunean lan anitz dugu egiteko oraindik»

Baina noski, «kirolak gauza anitz ere kendu dizkit. Sakrifizio haundiak egin behar dira astean hainbertze orduz entrenatzeko, eta ezin duzu huts egin entrenamendu ez estropadetan. Ezin dituzu udak nahi bezala baliatu, lagunak eta familia hainbertze ikusi edo nahi duzuna jan eta edan. Errespetatu beharreko eginbehar anitz dituzu, eta hori argi izan behar duzu. Baina bizitzen dugun guzia ikusita , sakrifizio horien hautua egiteak merezi du».

Gainera, «gehitu nahiko nuke Iparraldeko euskalduna izatea ez dela erraza Hegoaldeko talde batean. Hasieratik borrokatu behar zara erakusteko zu ere euskalduna zarela eta ez frantsesa. Gure nortasuna defenditu eta justifikatu behar dugu beti».

Kirol honetan, «Kontxa irabaztea izanen litzateke nire ametsik handiena, arraunean irabazten ahal duzun altxorrik politenetakoa baita». 

Etorkizunera begira, «teknikoki eta fisikoki ahal bezain bertze hobetzea eta indartzea da nire helburua. Gaztea naiz eta lan handia dut oraindik egiteko. Eta noski, Orion edo goi mailako bertze talde batean lehiatzen segitu nahi dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun