Laborantza ekologikoa eta MICEren musika uztartuko dituzte Arbonan Udazkeneko Baserriko Uztan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 21a, 08:30

Narbonako Agerrea etxaldeko abeltzainak, Baserriko Uzta ekimenaren aurkezpenean.

Azaroaren 18an antolatu du EHKOlektiboak Arbonako Agerrea etxaldean

EHKOlektibok azaroaren18an eginen du Baserriko Udazkeneko Uzta ekimena Agerrea etxaldean, Arbonan. EHKOlektiboak kulturaren bitartez agroekologian oinarritzen diren etxaldeak eta herritarrak batzeko helburuarekin antolatutako ekimena da Baserriko Uzta.

Arbonako Agerrea etxaldeak Udazkeneko Baserriko Uzta ekimena jasoko du azaroaren 18an: «Euskal Herriko eskualde guztietako jendea etortzea espero dugu» aitortu du Agerreko Olivierrek. Olivierren familiak Lapurdiko etxalde honetan 50 urte baino gehiago daramatza behi-esnea ekoizten. Lehen sistema konbentzionalean aritzen ziren, baina Olivier lanean hasi zenetik ekologikorantz urratsak ematen hasi ziren, azkena 2016an. Etxaldea ekologikoan zertifikatuta egon arren, plastikoaren eta petrolioaren erabilpenaren murrizketan oraindik zeregina dutela aitortu du Olivierrek: «Gero eta zentzu gutxiago ikusten diogu behiei pentsua emateari. Zerealak ekoizteko petrolioa behar da eta hori, ene oraiko ustez, ez da behien eginkizuna. Zerealak pertsonak elikatzeko dira».

Esne gordinaren zuzeneko salmenta egiten dute Bidarte, Miarritze eta Angeluko hainbat supermerkatuetan (beti beraien markaren izenarekin), baita inguruko denda txiki batzuetan ere. Beraien bezeroen artean hainbat izozkigile eta euskal pastelgile daude. Urtean 80.000 litro esne inguru ekoizten dituzte Agerrean, baina aurten gutxiago izanen direla uste dute, behiei pentsua emateari uzten ari direlako.

 

Udazkeneko Baserriko Uzta

Miren Narbaiza ‘MICE’ izanen da Udazkeneko Baserriko Uztari rock notak jarriko dizkiona: “Poz handiz jaso nuen gonbidapena. Sortzaileak eta lurraren zaintzaileak erlazionatuak gaudela uste dut; inguratzen gaituenari begiratzen diogu, ulertu, erein eta bizitzak hazten jarrai dezan lan egiten dugu. Espero dut konexio hori sentitzea kontzertuan!», adierazi du abeslari eibartarrak.

Baserriko Uztako jarduna azaroaren 18an, 10:30ean hasiko da ongi etorriarekin eta mondoren etxaldearen bisita eginen dute, hamaiketakoarekin bukatuz. 12:30etik aitzinera Miren Narbaiza MICEk girotuko du hitzordua eta bukatzean, bazkaria eginen dute EHKOlektiboko kideen baserrietako elikagaiekin.

 

Nola parte hartu?

Baserriko Uztan parte hartzeko 30 euro euro ordaindu beharko dira, etxaldeko bisita, ekitaldiak, bazkaria eta tailerra barne. 6-12 urte bitarteko haurrek 15 euro ordaindu beharko dute. Aurretik izena eman beharko da www.ehkolektiboa.eus webgunean, tokia mugatua baita.

 

Zer da Baserriko Uzta?

Baserriko Uzta, laborantza ekologikoa eta musika uztartzen dituen ekimena da. Urtaro mbakoitzean, EHKO etxalde baten ateak eta musikari baten doinu kutxa zabalduko ditugu. Hala, bien bizibidea, nola, egunerokoa ezagutzeaz gain, beraien uztaz gozatzeko.

Baserriko Uzta, EHKOlektiboaren eta Paperezko Kontzertuen elkarlanetik sortu zen 2017ko Udazkenean. Azken batean, proiektua ezinegon berberek batu gintuztelako sortu zen: euskal kultura bultzatzeko gogoak, elkartzeko gogoak eta komunitatea indartzeko gogoak.

2017ko udazkenekoa izan zen jasotzen lehen uzta, oparoa oso, Antzuolako Pikunietan eta Anariren parte hartzearekin, Gipuzkoan. Eta geroztik Euskal Herriko txoko ugari bisitatu ditugu: Orduña, Arbona, Oibar, Anuzita, Pagola, Eibar, Aniz eta Ibarra. Lurraldetasuna, ekoizpen arloaren txandaketak eta musikarien estilo eta generoaren aniztasuna balore garrantzitsuak dira ekimena osatzeko.

Baserriko Uzta goiz bateko esperientzia da, bakarrik, lagunekin, zein, familiarekin egiteko esperientzia eder bat. Orokorrean hiru zatitan banatzen da:

  1. Baserriari bisita: Baserritarrak bere burua aurkeztu eta etxaldea erakusten du, bere ogibidea azaltzen du bai eta ekoizten dituen produktuak ere.
  1. Ibilbideak hamaiketakoa eta kontzertua egingo den espazioan amaitzen da eta kontzertuari ekiten zaio.
  1. Azkenik, tokiko lehengai ekologikoekin egindako otorduaz gozatzen da.

 

Zertarako egiten da?

  1. Efimero eta iheskorra den jendarte digital bizkor honetan, hezur haragizko ekimen ukigarriak maite ditugulako. Komunitatea, benetako sarea, sortu eta indartu nahi dugulako
  2. Elkartzea balio bezala. Bazterreko diren diziplinek, eragiteko, elkartu behar dutela iruditzen zaigulako. Laborantzaren mundua eta euskal musikarena bazterreko arloak dira
  3. Kalea eta landaren arteko lotunea bihurtu nahi dugulako ekimena. Inoiz gutxitan elkar ukitzen duten bi munduen arteko zubia izatea da xedeetako bat.
  4. Esperientzia aberasgarri bat sortzea da gure xedea. Aberasgarria guretzat eta hurbiltzen den edonorentzat
  5. Ekintza sozial eta komunikatibo honen bidez protagonista den baserria, bertako laborarien bizitza eta orokorrean EHKOlektiboaren lana maila lokalean zein Euskal Herri mailan ezagutzera ematea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun