Joanes Etxebeste

«Joanesek eginen ez lukeena egiten du Pontx pailazoak»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 22a, 10:30

11 urte zituela sortu zuen Pontx pailazoa Joanes Etxebeste saratarrak.

18 urte dituen arren, esperientzia handia du Joanes Etxebeste saratarrak oholtza gainean. Orain arteko bideari segituz, aktore eta pailazo gisa hasitako ibilbidea garatu nahi du 

Pontx pailazo gisa batzuek, Goazen telesaileko Ibairen paperean bertze batzuek, bi pertsonaia horiek egin dute ezagun Joanes Etxebeste saratarra. 18 urte ditu, baina gaztea izanagatik esperientzia handia du oholtzan. Haurra zela igo zen lehenengoz Sarako plazako oholtzara, eta geroztik ibilbide oparoa osatu du jende aitzinean. Pailazogintza maite du, baina, bi urtez Goazen telesailean aritu ondotik, antzezle izateko harra ere sartu zaio barrenean. Azken hilabeteetan herriz herri ikuskizunak egiten ibili ondotik, azaroaren 18an Sarako Lur Berri gelan estreinatuko duen ikusgarri berria prestatzeko lanean ari da orain buru-belarri. 

Antzezlea, pailazoa… Zuk nola deskribatzen duzu zure burua? 

Aktorea, pailazoa eta gazte sortzailea. 

Herriz herri ibiltzen zara Pontx pailazo gisa ikuskizunak egiten. Nola sortu zen Pontx? 

Ni betidanik izan naiz pailazo zalea eta ikuskizun zalea. Eta txikitan erran nuen: «Ni handitan pailazo izanen naiz». 2016an sortu nuen Pontx pailazoa nora nindoan gehiegi jakin gabe. Justu ondotik hasi ziren proiektuak sortzen, herrietatik deitzen, eskoletatik, elkarteetatik… Ikusiz erantzuna ona zela horretan jarraitu dut, ene zaletasuna delako. Urteak pasa ahala proiektua eta Pontx pailazoa handitzen joan da eta gaur egun jendeak deitzen nau eta ni gogotsu joaten naiz. 

Nola oroitzen duzu zure lehen emanaldia? 

Nahiko urduri nintzen. Pontx ez zuen inork ezagutzen. Saran aurkeztu nuen, eta Saran Joanes ezagutzen zuten, baina, Pontx ez. Urduritasun handiarekin, ezjakintasun handiarekin nintzen: «Zer pentsatuko du jendeak? Edo zer nolako erantzuna izanen du? Jendea etorriko da? Bai? Ez?». Horrelako zalantzak nituen. Erantzun ona izan zen eta nahiko pozik gelditu nintzen egindako lanarekin. 

Eta nolakoa da Pontx?

Pailazo mugitua, kuriosoa, alaia noski eta gaztea da. Hagitz-hagitz bihurria da, mugitua eta kuriosoa. Dena kuxkuxeatzen du, dena galdetzen du eta egia erran lotsa gutti dauka jendeari gauzak aurpegira botatzeko. Ironia handia eta zirikatzeko gogoa izaten ditu. Gurasoek kontatzen dute haurrengatik joaten direla emanaldietara, eta azkenean, Pontxek beraiek ere bereganatzen dituela. 

Eta sortu zenuenetik nolakoa bidea egin duzu pailazo gisa? 

Bide polita egin dut. 2016an ikuskizun bat edo bi eskaini nituen eta ordutik aurten arte proiektuak hartu du bertze garrantzia bat. Ibili naiz hainbat ekitalditan, Herri Urratsen adibidez. Herri Urratsen egotea Pontx pailazoarentzat bazen helburua eta ez nuen uste hain azkar lortuko nuenik. Nahiz eta hurbilean bizi, ikusten nuen helburu urruneko bat bezala. Egon naiz bertan bi urtez antzezten, eta hortaz aparte ikusi dut jendeari gustatzen zaiola hainbat lekutatik deitu izan nautelako, bai Ipar Euskal Herritik eta baita Hego Euskal Herritik ere. Ibili naiz Zugarramurdin, Urdazubin, Tafallan, Lasarte-Orian… Eta gero hemen Iparraldean Baionan, Senperen, Azkainen… Hainbat lekutan. Nik uste dut badela garatzeko noski, baina, nahiko harro eta nahikoa pozik nago orain arte egin dudan ibilbideaz. 

«Harro nago orain arte egin dudan ibilbideaz»

Nolakoa da pailazoa izatearen esperientzia?

Pailazo izatearen esperientzian askatzen naiz ainitz. Nahiz eta emanaldian gidoia izan, jarraitu beharreko hari bat izan, egia da pailazo izateak askatasun handia ematen dizula. Pontx Joanes da, da Joanes hamar aldiz. Joanes egitera ausartzen ez den gauzak Pontxek egiten ditu bitan pentsatu gabe. Oraintxe bertan Pontxek barrutik ateratzen zaiona egiten du. Horrek askatasuna ematen dio pertsonaiari, eta nahiko pozik ibiltzen naiz horrekin: askatasuna ematen dizu, malgutasuna… eta, batez ere, aniztasun handia gauzak proposatzerakoan eta publikoarekin harremana izaterakoan. 

Hori da pailazo izatetik gehien gustatzen zaizuna? 

Alde batetik hori, eta noski publikoan sortzen diren erreakzioak ere bai: ikustea zenbat mugitzen dituen publikoko haurrak, zenbat sartzen diren historiak… Haurren eta Pontxen artean dagoen harremana maite dut.  

Eta zailena egiten zaizuna?

Bakarrik ibiltzen naiz, eta batzuetan zaila egiten zait ikuskizun berriak prestatzerakoan ideiak berria aurkitzea. Beti ateratzen dira gauzak, baina, beti dut kezka berdina: «Eta oraingoan zer? Zer nolakoa proposamena egin dezaket? Zer izan daiteke berria?» Zaila da ni harro, pozik eta eroso egongo naizen edukia sortzea. Egia da aldi berean gehien maite dudana ere badela sorkuntza.

Publiko zaila dira haurrak?

Umeak zorrotzak dira. Ume batek ez badu maite ipurdia altxa eta alde eginen du. Gustatzen bazaio sartuko da, erantzunen dizu eta gustatzen bazaio erranen dizu gustatu zaiola, eta ez bazaio gustatu erranen dizu ez zaiola gustatu. Egia da horren aldetik badudala batzuetan kezka. Baina anitzetan, erantzun onak hartzen dira eta jendea pozik gelditzen da. 

Zein dira zure erreferenteak pailazo gisa? 

Euskal Herriko erreferenteak izan ditut batez ere. Txiki-txikitan Txirri, Mirri eta Txiribiton ikusten nituen telebistan, baina erreferente nagusiak nola ez Katxiporreta taldeko Pirritx, Porrotx eta Marimotots izan dira. Beti izan dira txikitatik nire erreferentzia nagusienak. Beraiengan inspiratu naiz, eta beraien lana izan da nire motibatzailea eta abiapuntua. Haiek ere euskaraz sortzen dute Euskal Herriarentzat eta gizarteko edozein gai hartzen dute eta horretatik abiatzen dira musikatuz haurrei eskaintza hori egiteko. Hori izan da nire abiapuntua. Ni txikitatik beraien oso zalea izan naiz eta erraten nuen nik ere handitan horrelakoa izan nahi nuela. 

«Pailazo izateak askatasun handia ematen dit»

Beraien emanaldiren batean ere parte hartu duzu, ezta?

Bai. Ingurua etortzen zirenean, Saratik hurbil ditugun herrietan amaiera aldean haiekin eszenatoki gainera igo izan naiz beraiekin parte hartzera. Hala ere, oraindik eta politagoa izan zen apirilean, Baionara etorri zirenenean gertatutakoa. Beraiek 35 urte bete dituzte, eta Herri Urratsek 40. Dei bat jaso nuen antolatzaileen partetik esanez polita izanen zela Pontx pailazoak sorpresa bat ematea. Animatu nintzen eta nahiko polita eta hunkigarria izan zen nire txikitako idoloei opari bat egitea. Beraiek ere ongi hartu zuten eta oroitzapen polita daukat. 

Zein da pailazo gisa egin nahiko zenukeen bidea? 

Pailazo gisa ainitz gelditzen zait ikasteko eta anitz dut oraindik egiteko. Nire helburua sudur gorria jantzi eta Euskal Herriko hainbat txokotan Pontxen esentzia eta abenturak zabaltzea da. Proiektuari eman nahiko nioke tarte handia, ikusgarritasuna eta horrekin jarraitu nahiko nuke eta umeei erran pailazo gazte bat iritsi dela, eta pailazogintza egiten duela euskaraz eta herriarentzat. Denbora aldetik pazientzia behar da, pixkanaka ari naiz eta nahiko kontent nago egia erran. 

Zein izanen da eginen duzun hurrengo ikuskizuna?

Azaroaren 18an estreinatuko da Pontx pailazoaren ikuskizun berria Sarako Lur Berri gelan. Ikuskizunean Pontx eskolara iritsiko da, eta ikusleek Pontxekin batera eskolan murgiltzeko aukera izanen dute, gainera haurrek  badute jakintza handia eskolari buruz eta Pontxek hartuko du irakasle kargua eta bera ibiliko da hainbat gai irakasten lagunei eta jolasten. 

Nola doa prestaketa? 

Oraindik ez dut guztiz guztiz bukatu, baina ongi doa, nahikoa aberatsa izaten ari da. Aurten lehenengo aldiz berrikuntza anitz izanen dira, batez ere musikaren aldetik. Abesti guztiak izanen dira Pontx pailazoarenak, propioak. Alde horretatik nahiko berritzailea da niretzat, eta badut motibazio puntu bat ikusteko ea jendeak maitatuko duen. Sorkuntza prozesua nahiko aberatsa izan da eta jende anitz inplikatua da: jantzitegikoak, diseinuaz arduratu direnak, musika konposatzen eta produkzioan ari direnak… Alde horretatik nahiko pozik nago proiektua aberasten inguruko jendearekin eta jakintza duen jendearekin. 

'Goazen' telesailean bi urtez Ibairen papera jokatu du Etxebestek.

Pailazo izateaz gain, 'Goazen' saioko Ibai bezala ezagutuko zaituzte anitzek. Nolatan hasi zinen antzezle gisa? 

Ni antzezten txiki txikitan hasi nintzen nire logelan. Baina, inoiz ez dut hartu ez klaserik, ez formakuntzarik, ez egonaldirik ez deus. Pixkanaka hasi nintzen, izan nire gelan, herriko plazan... baina ateratzen zitzaidanetik abiatuta. Esperientzia profesionala izan dut azken bi urteetan Goazen telesailean parte hartu dudalako eta hori izan da serioagoa, eta profesionalagoa. Jende profesionalarekin aritu naiz eta ikaspen handia izan da.  

Eta nola iritsi zinen 'Goazen'-era? 

Nik betidanik ikusten nuen Goazen telesaila, eta betidanik izan naiz nahiko zale sutsua. Gurasoei erran nien ni hor izanen nintzela noizbait, eta gurasoek baietz erraten zidaten baina irri artean. 16 urte bete nituen eta kastinga irekia zuten eta izena eman nuen gehiegi zer gertatuko zen jakin gabe.

Nolakoa izan zen castingaren prozesua?

Hilabete batera jaso nuen erantzuna bigarren fasera pasa nintzela. Etxetik bi bideo bidali nituen eta hortik presentzialera deitu ninduten. Presentziala aski ongi pasa zen eta hortik aste batera deitu ninduten azken fasera pasa nintzela eta Lorea Intxaustirekin antzeztu behar nuela erranez. Nik Lorea ikusia nuen telebistan eta banekien hori zela azken aukera, eta ezin nuela huts egin. Eskerrak batzuetan atzera begiratzen jakin behar dela eta egindako ikusi, zer egia erran nire azken fasea nahiko kaotikoa izan zen, katastrofikoa. Zerbaitek deituko zien arreta eta hiru astetara deitu baininduten Ibai pertsonaia nirea zela erranez. Hor mundu handi bat ireki zitzaidan eta pentsatu nuen aukera zela gozatzeko, ikasteko eta pixka bat sufritzeko.

«'Goazen' telesailean ateratzea esperientzia polita izan da»

Nolako esperientzia izan da? 

Abentura bat izan da, esperientzia hagitz-hagitz polita eta anitza. Nahiz eta aski gogorra ere izan den. Udan grabaketa egiten da eta udatik kanpo hasten den kontzertu bira. Horrek suposatzen du aretoz areto ibiltzean antzezten, kontzertuak ematen… Baina ez da bakarrik kontzertua ematea, da etxetik kontzertu lekura iristea, entsegua egitea,—anitzetan bi bolo izaten dira—, argazkiak egitea lagunekin eta familiekin... Lan zama da eta egia erran nahiko gogorra izan da. Baina aberatsa ere bai, Joanes bezala ni hazi naiz profesionalki, hori egia da. Baina pertsonalki ere pila bat eman dit: harremanetik hasita, bertan egin ditudan ezagutza guztiak. Hori izan da politena.

Nolakoa izan da telebistan azaltzearena?

Telebistan agertzearena irudikatzen duzu fantasia bezala, etxean ikusten duzu telebista baina ez duzu irudikatzen jendeak bertan ikusten zaituela. Gero karrikara atera eta jendeak ikustea argazkiak nahi dituztela, edo zuri begira daudela... Nik hartu dut gehiago lagun artean gozatu dugun zerbait eta eskutik hartuta batera egin dugun bide gisa. Ni aurten ez naiz Goazenen egongo, baina, hor atxikitzen ditut nire lagun guztiak eta oroitzapen guztiak. 

Ibairen rola jokatu duzu, aspergerra duen gaztearena. Zaila izan zaizu?

Egia erran nahiko gogorra egin zait beldurragatik. Asperger sindromea ez nekien zer zen, eta ezjakintasun handiarekin zerbait konkretua eta markatua antzeztea zen, eta  nahiko zaila egin zitzaidan. Bat-batean maiatzean erran zidaten Ibairen papera nirea zela eta ekaina amaieran hasi behar ginela grabatzen. 

Nola prestatu zenuen Ibairen pertsonaia?

Elkarrizketak, dokumentalak ikusi nituen, elkarte batzuen webgunean sartu nintzen informatzeko… Asperger sindromea erraten dugu, baina sindromea duten guztiak ez dira berdinak. Ez zegoen estereotipo zehatz bat eta ez nuen horretan sartu nahi. Trufan sartu gabe, nahiago nuen errespetutik antzeztu. Gainera, Ibairen pertsonaia bikote komiko baten barruan kokatua zen. Bikote komikoa izanda ez nuke nahi jendeak barre egitea pertsonaiaz eta bere sindromeaz. Helburua zen irri egitea egoerez, eta erdibideko zerbait atzematea. Lanketa nahiko zaila izan zen, baina izan du emaitza eta nahiko harro nago egindako lanarekin. 

Kantuan eta dantzan ibiltzen zarete 'Goazen'-en. Nola moldatu zara? 

Ni ez naiz kantaria batere. Alde horretatik pixka bat gogorra egin zait, gehien ikasi edo landu behar izan dudana izan delako. Dantzan moldatzen naiz, antzezten ere berdintsu eta aurkeztea gustatzen zait. Egia da Pontxen esperientziak aurkezteko garaian lagundu didala, banuelako hurbiltasun bat jendearekin eta eszenatokian lekua hartzeko momentuan abantaila izan da hori. 

«Aktore gisa garatu nahiko nuke etorkizunean»

Zein dira zure erreferenteak aktore gisa? 

Aunitz maite dut Mr. Beanen papera egiten duen Rowan Atkinson eta Euskal Herrian Aitziber Garmendia, Iker Galartza… Alazne Etxeberria ere bai, Goazenen ibilia dena. Orain Goazeneko lagunak ere erreferente bilakatu dira, iruditzen zait hor dagoen jendeak baduela talentua eta potentziala.

Eta zer bide egin nahiko zenuke aktore gisa? 

Nahiko nuke garatu aktore gisa. Esperientzia bezala aski aberatsa izan da eta baieztatu du nire nahia aktore munduan ibiltzeko. Orain gauzak ez daude nire esku. Deitzen banaute edozein proiektutatik aurkezteko, aktore izateko… Ni gogotsu ibiliko naiz eta edozein dei ongi etorria da. 

Zein dira hemendik aitzinera etorkizunerako dituzun asmoak? 

Pontx bezala proiektua aitzinera eramatea, eta proiektua zabaltzea noski. Eta gero, nola ez, 18 urte ditut, eta oraindik gelditzen zait ainitz egiteko, ikusteko eta ikasteko. Horren aldetik ere, kuriositatez ikustea zer datorren orain aurretik. Amets bezala bereziki pailazogintzan segituko nahiko nuke eta aktore munduan eta mundu artistikoan garatu eta  nora noan gehiegi jakin gabe aitzinera segitu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun