Urdazubiko eta Zugarramurdiko jubilotekak bertan behera utzi du zerbitzua oraingoz

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 20a, 15:00

Urdazubi eta Zugarramurdiko jubiloteka, garai hobeagoetan.

Pena handiz, baina Urdazubiko eta Zugarramurdiko jubilotekak momentuz zerbitzua alde batera utzi behar izan du. Zortzi urtez martxan egon da, eta momentu batean hamasei lagun biltzera ailegatu baziren ere, kontua da gaur egun lau lagun bakarrik joaten direla martxa normalean, eta urriaren 6ean elkartu ziren azkeneko aldiz.

Dirudienez, zerbitzua martxan mantentzeko beharrezkoak dira sei lagun bederen, eta hori lortu arte, ezin da zerbitzua eman. Jubilotekan soinketa, memoria lantzeko ariketak, eta bertzelako errehabilitazio ariketak egin izan dituzte, beraiek proposatutako bertze ariketekin batera.

Izena emateko aukera

Norbait animatzen bada, jakin dezala astean bitan elkartzen direla (astelehen eta ortziraletan, arratsaldez, 15:30etik 19:30era). Herri batetik bertzera mugitzeko garraioa dohainik da, hilabeteko kuotaren barne (30 euro edo 40 euro).

Informazio gehiago edo izena emateko, deitu telefono honetara: 659 84 95 70 (Amaia).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun