Lurpeko fauna ezagutzeko gaualdi berezia izanen dute urriaren 20an Sarako lezeetan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 17a, 17:00

'Trechus navaricus', lur azpian bizi den koleopteroa Sarako lezeetan baizik ez da ezaguna. 2022ko azaroaren 8an atzeman zuten.

Jacques Chauvin bioespeleologoak mintzaldia eginen du eta lezearen esplorazio labur batekin segituko dute ortziralean 19:00etan hasita

2023ko Lezearen oroimena zikloa urriaren 20an bururatuko dute Sarako lezeetan, ortzralean 19:00etan hasita, lurpeko bioaniztasunari eskainitako Lurpeko faunaren esplorazioa gaualdi bereziarekin. Jacques Chauvin bioespeleologoak lurpeko bizi liluragarria aurkeztuko du frantsesez eginen duen mintzaldi batean eta lezearen esplorazio labur batekin segituko du.

Mintzaldia urririk da, izena emanez (plaza mugatuak). Lezea miatzeko, lupa eta esku-argia eramatea aholkatu dute. Gaualdia hurrupaldi partekatu batekin bukatuko dute, usaian bezala.

70 espezie inguru Sarako lezeetako lurpeko galerietan

Euskal Herrian denek badakite laminak, herensugeak edo bertze izaki mitologiko batzuk bizi direla lezeetan! Eta, hala ere, ez dira lur azpian bizi diren bakarrak… Animalia ttiki ainitz ere badaude kobazuloetan eta lurpeko uretan. Sarako lezeak lurpeko biodibertsitate horren adibide nabarmenetako bat dira. 70 espezie inguru bizi dira bere lurpeko galerietan eta horietatik hamabortz bat endemikoak dira eta Sarako lezeetan bakarik atzemanak izan dira. Horien artean dago Trechus navaricus, argazkian ageri den koleoptero troglobioa (lur azpian bizi dena), 2002ko azaroaren 8an atzemana eta Sarako lezeetan baizik ez dena ezaguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun