Lizaieta taldeak galdu eta Ipiñitzeko bertsuak taldeak irabazi dituzte asteburuko Xilabako bertso saioak

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 17a, 10:30
'Ipiñitzeko bertsuak' eta '3 kasko' taldeetako kideak igandeko saioaren ondotik.

Xilaba Taldekako Bertso Txapelketan saioak izan dituzte asteburuan eskualdeko ordezkariak dituzten Lizaieta eta Ipiñitzeko bertsuak taldeek. Lizaieta taldeak galdu egin zuen saioa, eta Ipiñitzeko bertsuak, taldeak, aldiz, irabazi.

Ortziralean Hazparnen aritu zen Sarako Karlos Aizpuruak, Haira Aizpuruak, Ellande Alfarok eta Etxalarko Etxahun Azkarragak osaturiko Lizaieta taldea. Hazparneko Hazparke taldearen kontra aritu ziren, eta 60 bat lagun bertaratu ziren saioa ikustera. Azkenerako, Lizaieta taldeak galdu zuen. Lehen saioa irabazita, asteburu honetako emaitzen esperoan egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren ikusteko.

Hazparke eta Lizaieta taldeko bertsolariak ortziraleko saioaren ondotik. Argazkia: Bertsularien Lagunak .

Lesakako Maddi Ane Txoperena eta Josu Txoperena ari diren Ipiñitzeko bertsuak taldeak, aldiz, igandean izan zuen saioa Baionan, bertako 3 kasko taldearen kontra. Biltxoko elkartea goraino bete zen bertso saioa aditzeko, eta Ipiñitzeko bertsuak taldea nagusitu zen. Hala ere, lehiatik kanpo gelditu dira jada.

Asteburu honetan jokatuko dute ligaxka faseko azken saioa, eta horren ondotik jakinen da zein lau talde ariko diren hurrengo fasean. Finalerdiak urriaren 28an Muskildin eta azaroaren 4an izanen dira Azkainen eta finala, aldiz, azaroaren 18an Aiherran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun