Hodei Lujanbio goizuetarra eta Camille Bernardi nagusitu dira Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketetako konbinatuan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 9a, 13:00
Urdazubiko Kontrabandisten lasterketako mendi maratoi erdiko gizonezkoen eta emakumezkoen podiuma. Argazkia: Pierre Ezkurra

Gaueko lasterketan Jokin Arretxea eta Joana Bimboire nagusitu ziren eta mendi maratoi erdian Iñigo Uribe-Etxeberria eta Maud Combarieu

Azkar kirol taldeak eta Urdazubiko gazteriak, Urdazubiko udalaren eta Mugarkiren laguntzaz antolatutako Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketak egin dituzte urriaren 7an eta 8an.

Larunbatean, urriak 7, gaueko lanak izeneko 9,5 kilometro luze eta 600 metroko desnibela duen lasterketa egin zen. Garaile Jokin Arretxea suertatu zen (50.06), bigarren postua Soronea Amma taldeko Hodei Lujanbio goizuetarrak eraman zuen (52.41) eta hirugarrena Michel Guilcou (54.06) izan zen gizonezkoetan. Emakumeen kasuan, Senpereko SPUC Lasterka taldeko Joana Bimboirek lortu zuen lehen postua (1.09.33), Txantrea Traileko Sara Zapata bigarren izan zen (1.09.55) eta Nerea Goikotxeak (1.11.07) osatu zuen podiuma.

Gaueko lanak lasterketako podiuma, larunbat arratsean. Hodei Lujanbio goizuetarra bakarrik igo zen bi podiumetara eta bera izan zen konbinatuko irabazlea.

Igandeko indarrak eta gogoa gorderik, maratoi erdian lasterka egitera animatu zirenak hurbildu ziren. Hauen artean ere gizonezko eta emakumezkoen podiumak egin ziren. Gizonezkoena Iñigo Uribe-Etxeberriak (1.49.47), Javier Arangurenek (1.55.09) eta Hodei Lujanbiok (1.57.02) osatu zuten eta emakumeena Maud Combarieuk (2.14.47), Uxue Gomezek (2.43.30) eta Olatz Etxeberriak (2.43.30. Bi lasterketetako garaile osoak (bi lasterketak egin zituztenak) hauek izan ziren: Hodei Lujanbio gizonezkoetan (2.49.43) eta Camille Bernardi emakumezkoetan (5.05.55).

Hainbat urdazubiarrek lagundu dute UKLren antolaketan, tartean argazkiko gaztetxoek ere. Argazkia: Pierre Ezkurra

Urteroko gisan, giro polita bizi izan zen Urdazubin, kirolari, laguntzaile eta ikusleen artean. Zorionak lasterketan ibili ziren guztiei, herritar zein hurbildutako guztiei eta laguntzen ibili ziren orori. Beraz, heldu den urtean giro berdina izanen dela pentsatuz, heldu den urtera arte UKL!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun