Uztailaren 20an Baztango Udalak aho batez onartu zuen Geroa Baik lortutako dirulaguntza, 'Delta hegaleko eta parapenteko jardueretarako Arxuria eremuko sarbidea hobetzea' arautzen duen hitzarmenerako. Zugarramurdiko eta Sarako Udalek proiektua alde batera uzteko eskatu ondotik, irailaren 28an pistaren moldaketa gelditzeko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk. Mozio hau ez zen aitzinera atera, gainerako alderdi guziek kontra bozkatu baitzuten.
Honez gain, Baztango Udalak bilera deitu zuen Zugarramurdiko Udalarekin gaia eztabaidatzeko, baina EH Bilduko eta Zurekin Baztaneko ordezkariak bakarrik bertaratu ziren. «Baztango Independenteak taldeko bi zinegotziek ezin izan zuten bertaratu lan kontuengatik. Hau izan da gure lehendabiziko akatsa, Zugarramurdiko ordezkariei eta Baztango baserrietako bizilagunei (Azpilkuetako bizilagunei) telefono deirik ez egitea gaiaren inguruan informatzeko. Bigarrena, irailaren 28an dirulaguntzari uko egiteko mozioaren kontra bozkatu genuen, botoaren azalpenik eman gabe».
Taldeak azaldu duenez, «Nafarroako 2023ko aurrekontu orokorren aldaketa nominatiboa denez, zenbateko horrek proiektu horretarako bakarrik balio du eta dirua galduko genuke». Hori dela eta, «taldeko bi zinegotziek pista uztearen aurka bozkatu zuten, inguruko bizilagunek, abeltzainek adibidez, aprobetxatu zezaten, bertakoak ez diren ibilgailuei zirkulazioa mugatzeko aukera utziz, Baztango bertze gune batzuetan egiten den bezala (Aritzakunen). Ez gara fede txarrez jokatzen ari, eta, zalantzarik gabe, ez dugu ezagutzen ez dugun enpresaren alde egin nahi bertze inoren gainetik».
Taldeak eskerrak eman dizkio Zugarramurdiko alkate eta zinegotziari joan den asteko Batzar Nagusian euren jarrera azaltzeagatik. Horren ondotik, «gure udal taldeak udaleko kide eta auzokide batzuekin solasaldiak egin ditu, proiektuaren eremua bisitatzeaz gain». Aitortu dutenez, «gure jarrera ez zen zuzena izan eta zuzenketa bat beharrezkoa da». Horregatik «gure botoaren zentzua aldatuko dugu hurrengo osoko bilkuran», urriaren 17an izanen dena. Azkenik, «barkamena eskatu nahi diegu kaltetutako guztiei sortutako ondoezagatik. Ez dugu behar bezala jokatu eta barkamena eskatzen dugu horregatik».
Bere aldetik, Zugarramurdiko eta Sarako herritarrek manifestazioa deitua zuten urriaren 21ean Elizondon proiektuaren kontra egiteko, baina adierazi dutenez, «urriaren 17ko bilkuran proiektuaren kontra bozkatzen bada, manifestazioa alde batera utziko dugu». Baztango alkateak azaldu duenez, «egitasmoa bertan behera gelditzen bada, udalak proiektuaren idazketa bakarrik ordaindu beharko du, 2.000 euro ingurukoa. Gainerakoa ez du ordaindu beharko, lanak ez baitira hasi».
«Arazoa hasiera batean moztu zitekeen»
Honez gain, taldeak adierazi du «EH Bildu izan zela, euren talde parlamentarioaren bitartez, Nafarroako 2023 urterako Aurrekontu Orokorrak onartu zituztenak. Baztango Independenteak ez du ordezkaritza parlamentariorik izan, ez lehen eta ez orain. Arazoa hasiera batean moztu zitekeen diru publikorik xahutu gabe».
Gainera, «azken legealdiko udal gobernua, EH Bilduk eta Baztango Ezkerrak osatutakoa, izan zen proiektuaren txostena egiteko enkargua egin zuena. Aldi berean, azken 12 urteotan Baztanen gobernatu dutenak izan dira eta Zugarramurditik baztandar baserrietarat doazen pisten konponketetan inbertsiorik egin ez dutenak».