Taldekako Xilaba txapelketako saioa izanen da ortziralean Saran

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 27a, 19:00
2019an Saran iragandako Xilaba txapelketako saioa.

Pasa den asteburuan hasi zen Xilaba txapelketa Ozazen eta Urruñan jokaturiko saioekin. Asteburu honetan izanen da txapelketa denean eskualdean jokatuko duten saio bakarra, ortziralean, Saran.

Urtxola jatetxean iragango da saioa 19:00etan, eta Lizaieta eta Kakoiak taldeak ariko dira lehian. Lizaieta taldean Etxalarko Etxahun Azkarraga eta Sarako Ellande Alfaro, Haira Aizpurua eta Karlos Aizpurua ariko dira kantuan. Kakoiak taldea, aldiz, Beñat Larroryk, Aetx Etxartek, Xan Alkhatek, Joanes Etxeberriak eta Leire Casamajouk osatzen dute.

Lizaietako taldeko kidek urriaren 13an izanen dute lehen faseko bigarren saioa Hazparneko Xuriatean, 19:30ean.

Eskualdeko bertze bi bertsolari ere ari dira txapelketan, sortzez hendaiarrak diren baina Lesakan bizi diren Josu Txoperena eta Maddi Ane Txoperena. Ipiñitzeko bertsuak taldean ari dira eta lehen saioa urriaren 6an izanen dute 19:00etan Hendaiako gaztetxean eta bigarrena urriaren 15ean Baionan 11:00etan. 

Lehen fasearen ondotik finalerdiak urriaren 28an eta azaroaren 4ean jokatuko dituzte, eta finala azaroaren 18an izanen da Aiherran.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun