Gogoko ditu Kalakan taldeak Sarako lezeak eta hainbat emanaldi eskaini izan ditu. Joan den urtean bezala, urtengo udazken hasiera honetan, urriaren 6tik 8rako asteburuan, hiru kontzertu eskainiko ditu zenbait musika talde eta abeslarirekin. Gaur goizean eman dute egitarauaren berri Sarako herriko etxean egindako agerraldian.
Honela, urriaren 6an, ortziralean, Argentinako Aguamadera taldea izanen dute gonbidatu; urriaren 7an, larunbatean, Bigorreko Allegria taldeko abeslariak eta Zuberoa eta Nafarroa Beherea artean dagoen Lohitzuneko Berçaits anaiak eta urriaren 8an, igandean, Iruñeko Hutsun txalaparta taldea eta Xabi Aburruzaga trikitilari bizkaitarra.
Emanaldi guztiak 21:00etan hasiko dira Sarako lezeetan eta txartelak www.kalakan.eus/kontzertuak webgunean edo Iparraldeko turismo bulegoetan eskura daitezke.