Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak antolatutako besta egin zuten larunbatean Urdazubin. 2018an egin zuten azkena Erron eta geroztik ezin izan zuten egin. Urdazubikoa azkena izanen dela ere iragarri zuten.
Hauen aitzinetik, Lesakan, Sunbillan, Elizondon, Eugi-Zubirin, Iruñean, Lekunberrin, Auritzen eta Izaban ere egin dute, baita Legazpin (Gipuzkoa) eta Alduden (Nafarroa Beherea) ere. Oraingoz, beraz, hau izan da azkena eta urte hauetan egindako lan hori guztia eskertzeko, omenaldia eskaini zioten Laura Igantzi, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko presidenteari. Bere alabak, Neskur Etxenike Igantzik aurreskua dantzatu zion eta oroigarria eman zioten, urte hauetan guztietan bildutako argazkiekin.
Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak Xaretatik Ameriketarat leloarekin izendatutako egunak, sorterritik urrun joan ziren Euskal Herriko xoko anitzetako jendea bilduk zuen, 300 bat lagun guztira.
Autobusak ailegatu eta ongietorria eman ondotik, gosaria izan zuten bertaratutakoek, Dantxarineko bentek emandako produktuekin. Azoka era Eusko Jaurlaritzak utzitako diasporari buruzko erakusketa ikusgai izan ziren. Bankako menditarrek alaiturik meza izan zen eta ondotik kontzertua eman zuten. Gero, bazkari ederra izan zuten.
Bazkal aitzinean, aperitifa berezia izan zuten, highball edari amerikarrarekin busti baitzuten zintzurra. Gero, Santxotenak animatu zuen bazkal ondokoa.
Liburua eta elkartearen ikur berria ere
Ospakizunaz gain, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak Ameriketara joandako Xaretako (Urdazubi, Zugarramurdi, Ainhoa eta Sara) artzainen datuekin liburua argitaratu du aurten, Xaretatik Ameriketarat izenburuarekin. Alexandra Larraldek egindako material-bilketa eta elkarrizketak dira liburuaren oinarria, Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen datu-basearekin batera. Modu berean, Urdazubitik Ameriketara emigrazioa izan zela adierazteko Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen egurrezko sinbolo edo ikur berria aurkeztu zuten. Ikur hori eman zioten Iñaki Ariztia Urdazubiko alkateari. Emigrazioa izan zuten herri guztietan ikur hori jartzeko idea dute eta Urdazubi izan da lehena.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!