Larunbatean 10:00etan hasiko da antolatutako egitaraua autobusak ailegatzearekin batera, eta ondotik, gosaria izanen dute bertaratutakoek, Dantxarineko bentek emandako produktuekin. 11:00etatik aitzinera artisauen azokak alaituko du plaza eta Eusko Jaurlaritzak utzitako diasporari buruzko erakusketa ikusgai izanen da. 12:00etan Bankako menditarrek alaiturik meza izanen da eta ondotik kontzertua emanen dute. 14:00etan, berriz, bazkaria izanen dute.
Bazkal aitzinean, aperitif berezia izanen dute, higbal aedari amerikarrarekin bustiko baitute zintzurra. Gero, Santxotenak animatuko du bazkal ondokoa.
Liburua eta elkartearen ikur berria ere
Ospakizunaz gain, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak Ameriketara joandako Xaretako (Urdazubi, Zugarramurdi, Ainhoa eta Sara) artzainen datuekin liburua argitaratu du aurten. Alexandra Larraldek egindako material-bilketa eta elkarrizketak dira liburuaren oinarria, Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen datu-basearekin batera. Modu berean, Urdazubitik Ameriketara emigrazioa izan zela adierazteko Euskar Artzainak Ameriketan elkartearen sinbolo edo ikur berria aurkeztuko dute. Emigrazioa izan zuten herri guztietan ikur hori jartzeko idea dute.