Sarako Kontrabandisten lasterketak hirutan hogeigarren edizioa bete du aurten. Eguraldia ez zuten lagun izan igandean, baina beti bezala, 32 korrikalari izan ziren agorrilaren 27an jokatutako proban, Iparraldeko zortzi herri eta hegoaldeko bertze zortzi ordezkatuz, bi lasterkari herri bakoitzeko. Joan den urteko irabazle berak izan dira, Berako Joseba Larralde eta Ainhoa Etxegarai.
Gizonezkoen artean Joseba Larralde beratarra izan da bizkorrena, 40 minutu eta 53 segundoko denborarekin. Hendaiako Damien San Martin izan da bigarren (42.16) eta Ainhoako Guillaume Leroy hirugarren (42.28). Lehen saratarra Mathieu Gachin izan da (46.53).
Lehen emaztea Berako Ainhoa Etxegarai izan da, 52 minutu eta 15 segundoko denborarekin. Ia hiru minutu eta erdiko aldea atera dio bigarren izan den Zugarramurdiko Amaia Remeri (55.43). Hirugarren Zugarramurdiko Veronika Couvreur izan da (58.07).
Igandean denbora euritsua zenez, kiroldegian egin zuten lantegiek beren erakusketa eta bazen zer ikusi. Irakurketa xokoa eta ipuin kontaketa, Aire ahizpak, joaldunak, eskulangileak eta bertze hainbat ekitaldi izan ziren. Denbora euritsu horrengatik jende gutiago izan da, baina arratsaldean, lasterketa denboran, ateri atxiki zuen.
Antolatzaileek denak eskertu dituzte horrelako eguna antolatzen laguntzeagatik: Herriko etxea, Sara Korrika taldea eta Olhain ikastola, ahantzi gabe borondate oneko jendeak.