XV. Burdinaren Eguna giro ederrean ospatu dute Urdazubin

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 7a, 15:00

XV. Burdinaren Eguna giro bikainarekin ospatu dute agorrilaren 5ean, larunbatean Urdazubin. Hamabosgarren edizio honetan gaiarekin lotutako jarduera egitarau zabala izan dute dute. Beti bezala, burdin minerala idi-gurdietan garraiatzen zeneko ibilbidea antzeztu dute. Izan ere, Bizkaiko meatzeetatik Urdazubiko monasteriora eraman zuten, eta abadeari eman zitzaion, urrezko txanpon batzuen truke. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Zelaieneko Javier Larraldek egin zuen monasterioko abadearen antzezpena eta Jose Antonio Arriada izan zen benakeroa. Urrezko 13 txanponetan itxi zuten trukea eta meatzari guztiak mezara joanen zirela hitz eman zuen beraien nagusiak. Jesus Mediavillak Bizkaiko Aurreskua dantzatu zuen, Baztango Xulubitariak taldearen musikarekin.

Garai batean, Triano mendiko burdin minerala Muskizko Pobeña auzotik Donibane Lohizunera ekartzen zuten, Azkainerako gabarra batean eramaten zuten Urdazurin goiti eta handik Urdazubiko monasteriora idiek tiratutako orgetan. Larunbatean Muskizko 60 lagunen bisita ere izan zuten Urdazubin.

Artisautza merkatua, zikiroa, Brun anaien forja erakusketa, Korrontxi eta Jean Louis Bergararen emanaldia eta sorpresa ugari ere izan zituzten Urdazubin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun