DABID GRAMONT

«Senperen lan egitea eta bizitzea ezinezkoa bilakatzen ari zaigu»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 29a, 09:00
Ekainaren 27az geroztik egunez eta gauez okupatua da Olha etxea. Argazkia: Ihintza Arrieta

Dabid GRAMONT, Senpereko Kolektiboko kidea

Etxebizitzaren eta lurraren espekulazioaren kontra lanean ari den Senpereko Kolektiboko kidea da Gramont. Ekainaren 27an Olha etxaldea okupatu zuten eta hori izan du hizpide

Kexu dira Senperen, etxebizitza eta lurrak espekulaziorako tresna bihurtuak dira eta «prezioen etengabeko emendatzearekin, bertan lan egitea eta bizitza ezinezkoa bilakatzen» ari dela diote. Berriki bertze adibide bat izan dute: 1,3 milioi eurotan saldu nahi duten jabetza, 50 hektareako lurra eta etxebizitza. Gaiaz eztabaidatu eta  atzemateko negoziazioak ere egin dituzte, baina hutsean gelditu direla ikusita, ekainaren 27an Olha etxaldea okupatzea erabaki zuten ELB laborarien sindikatuak, Lurzaindia elkarteak, Ostia sareak eta senpertarren kolektiboak. Azken talde horretako kidea da Dabid Gramont herritarra. «Diru truk gure ingurumena xehatzeko prest diren interes suntsitzaileak» arbuiatu ditu.

Noiz izan zenuten azken kasu honen berri?

Maiatz hasieran ukan genuen salmenta horren berri. Alta, Herriko Etxean otsailaren 17tik jakinaren gainean ziren. Jakin eta berehala mobilizaziora jo genuen, herriko azoka egunean trakta banaketa, hedabideetara idazkiak bidali eta Senperen bertan banderak ezarri ditugu egoera hori salatzeko. Ondotik, ELB laborarien sindikatuarekin eta Lurzaindia elkartearekin harremanetan jarri ginen. Segidan, Senpereko Herriko Etxean bi bilkura antolatuak izan ziren; saltzailearekin eta eroslearekin alde batetik, eta laborarien sindikatuekin eta Safer erakundearekin bertzetik [Laborantza lurrak kudeatzen dituen egitura da Safer]. Hasieratik, saltzaileak eta erosleek Saferrek proposatutakoari uko egin diote. Saferrek lur eremu hori balioztatzeko prezio bat eman zuen, 400.000 euro ingurukoa.

Eta azkenean adostasunik ez eta hitzetatik ekintzetara pasatzea erabaki duzue. Ekainaren 27an Olha etxea okupatzea erabaki zenuten...

Hilabete bateko epea gainditu, eta saltzailea eta erosleak betiko ukazioan zirela ikusirik, elkarteen eta sindikatuen artean okupaziora jo behar genuela erabaki genuen.

Gaur egun zer martxa duzue?

Gaur egun, okupazioa ongi doa. Txandakatua da, herri batek egun bat egiten du. Inguruko herrietako herritarrak eta Euskal Herriko bertze txokoetako jendea parte hartzen ari da. Egunez eta gauez okupatua da Olha etxea eta azken asteotan hitzaldiak, kontzertuak eta jardunaldiak antolatuak dira.

«Inguruko herrietako herritarrak eta Euskal Herriko bertze txokoetako jendea parte hartzen ari da okupazioan»

Irabazi arte segituko duzuela errana duzue...

Honelako desmartxa bat abiatzen delarik, irabazteko da, noski! Guk proposamenak egiten segitzen dugu gizarteari begira, beti ere, kolektibotasun ikuspuntutik. Arbuiatzen duguna norberaren interes suntsitzaile hau da, diru truk gure ingurumena xehatzeko prest dena.

Zer giro sumatzen duzue herrian?

Haserrea eta kezka, bietarik, ulergaitza egiten zaigulako. Azken urte hauetan gero eta agerikoagoak dira etxebizitzari eta lurren salmentari lotutako arazoak. Sosa ainitz izatea lagunartearen interesen gainetik da?

Espekulazioarekin Senperen duzuen arazoa ez da oraingoa...

Espekulazioa ez da Senpereko arazoa bakarrik, Iparralde osoari dagokiona baizik, eta Euskal Herri osoan hedatzen ari dena. Lurren eta etxebizitzaren prezioa etengabe emendatzeko joera horrekin bertan lan egitea eta bizitzea ezinezkoa bilakatzen ari zaigu.

Zer ondorio sortzen ari da herrian?

Ondorio zuzenak agerikoak dira. Senperen bertan lana duten bizilagun multzo batek  duela urte batzuetatik honat autoetan lo egiten du...

«Senperen bertan lana duten bizilagun multzo batek duela urte batzuetatik honat autoetan lo egiten du»

Erosleak ez dira beti kanpokoak...

Afera honetan Adam opilgintza enpresaren jabea den Teilleria familia dago [Donibane Lohizuneko enpresa]. Bertan sortu eta bertan hazi da, baina kanpoko portaera zital batekin ibiltzen den horietakoa. Herria bihotzean bai, baina sosaren truk, noski.

Herriko Etxearekin baduzue harremanik?

Herriko Etxearekin harremanik ez. Gaur egungo auzapeza desagertua da interes kolektiboak defendatzerako momentuan. Hala ere, behartua izan da Euskal Hirigune Elkargoaren bilkuran gai hori aipatzera. Erran gabe doa, herritarrok bultzatu dugula, gure mobilizazioekin, eta lortu arte segituko dugu.

Zer erranen zenieke herritarrei?

Herritar orori engaiamendua eskatuko nioke. Gaur egun jokoan dena gure etorkizuna da, herriaren etorkizuna. Mobiliza gaitezen iruzurgile hauen aitzinean!

Zein da aterabidea zure ustez?

Aterabidea kolektibitateari egitasmo emankor bat eskaintzea da, izadia miresten duena eta bertan, bizitzeko, lan egiteko eta garatzeko aukera ematen duena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun