Gaueko zinema izanen dute Urruñako auzoetan uztailaren 23tik 29ra

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 21a, 18:00
'Amama' filma ikusgai izanen dute igande gauean Pausun.

Igandean 21:30ean izanen dute lehen emanaldia Pausun eta ‘Amama’ filma izanen da ikusgai

Urruñako herriko etxeak eta Itsas Mendi zinemak gaueko kanpoko film egitarau zabala antolatu dute 2023ko uztailaren 23tik 29ra, 21:30etik goiti. Familientzako saioak proiektatuko dira herriko auzoetan. Lehen emanaldia uztailaren 23an, igandean izanen da, Pausun. Amama filma emanen dute.

Urruñako bazter guzietan, Pausutik Zokoara, erlaitzetik pasaz eta hiri barnerat jauzi bat eginez, herritarrei egitarau oparo eta anitza eskainiko zaie, publiko zabal bati zuzendu filmak eta marrazki bizidunak, «bidaia» ardatz.

  • Uztailak 23, igandea: Amama Pausun (urririk, Euskal Kultur Erakundearen Ibilki programak lagundurik).
  • Uztailak 24, astelehena: Priscilla, folle du désert Zokoan (urririk)
  • Uztailak 25, asteartea: Bagdad Café Oletan.
  • Uztailak 26, asteazkena: Mad Max: Fury Road Hiri barnean.
  • Uztailak 27, ortzeguna: Elémentaire Zokoan.
  • Uztailak 28, ortziralea: Paris, Texas Hiri barnean.
  • Uztailak 29, larunbata: 20 000 espèces d’abeilles Erlaitzan (Estreinaldia).

Bertan jatekoa atzemateko aukera izanen da. Egitaraua gaualdi berezi batekin hetsiko da Erlaitzean: serigrafia tailerra, kontzertua, mahaiak… Publikoari kadirak ekartzea gomendatzen zaio.

Egitarau osoa www.urrugne.fr, herriko eta Itsas Mendi zinemaren sarean.

Eguraldi txarrarekin, emanaldiak zineman eginen dira

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun