Bestak 2023

Ahate jokorik ez da izanen Zugarramurdiko bestetan, bildots ile mozte txapelketa bai

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 19a, 17:00

Bildots ile mozte txapelketa abuztuaren 16an jokatuko dute Zugarramurdiko plazan.

Zugarramurdiko Andre Mariko bestak ate joka ditugu, eta programa ia-ia egina dago. Aurten aldaketa zenbaitzuk badaude: ahate-jokoa ez da eginen, baina bertze gisako aziendak ikusiko ditugu. Izan ere, bildots ile mozte txapelketa bat antolatu baita abuztuaren 16rako, asteazkenerako.

Zehazki, eguerdiko hamabietan eginen dute herriko plazan. Parte hartu nahi dutenek abuztuaren 5a bitarteko epea izanen dute. Horretarako, zugarramurdikoelkartea@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 636 01 98 97 telefonora deitu behar dute eta 18 euro ordaindu.

Ile moztaileendako aparkaleku pribatua, komunak eta dutxak izanen dira. Bezperan eta egunean berean afaria eskainiko zaie plazan. Egunean berean parte hartzaileendako bazkaria izanen da, txapelketaren ondotik.

Mus txapelketa eta erremontea

Bestetako bertze berrikuntza bat mus txapelketa izanen da, abuztuaren 17an eginen dena, ortzegunarekin. Eta Andre Mari eguneko esku pilota txapelketako partiden ordez, erremonte partida jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun