Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak (Vianako Printzea erakundea) antolatutako Kultur programaren 28. edizioak kultura eskaintza zabala ekarri du eta ekarriko du aurten ere gure eskualdera. Bertizen Argako erreginari buruzko erakusketa-proposamen berezi bat eta bertze jarduera osagarriak egiten ari dira. Larunbatean musika ailegatuko da Zugarramurdira, Hutsun txalaparta taldearen bidez.
Uztailaren 22an, larunbatean 12:00etan Hutsun txalaparta taldeak joko du Zugarramurdiko lezean (doan) eta abentura mitologikoa ere izanen dute Sorginen Museoan 10:30ean eta 17:00etan. Ordu eta erdiko jarduera honen truke 11,50 euro ordaindu beharko dute helduek eta 8,50 euro haurrek (4-12 urte). Prezioa barnean hartzen ditu koaderno magikoa, Museoko mitologia aretora eta lezera bisitak eta saria.
Argibideak eta izen ematea: www.turismozugarramurdi.com webgunean edo 948 59 90 04 telefonoan.
Hutsun Txalaparta Taldea
Baratzean ikuskizunean zuraren erritmoak eta harrien melodiak txalapartaren edertasun musikala erakutsiko digute. Denboran zehar bidaiaraziko gaituzten erritmo eta doinu sinpleetatik –duela urte batzuk ondarea utzi ziguten horiei keinu eginez– bertsio ezagunetara. Inprobisazioak ere bere lekua izanen du ikuskizunean, eta hortik instrumentua jotzeko eta ulertzeko modu berriak sortuko dira.
Hutsunek hamabi urte daramatza txalapartari eszenatokian eta eszenatokitik kanpo merezi duen lekua ematen. Gaur egun, erreferente bihurtu da bai Nafarroan, bai edonongo txalaparta taldeen artean, eta kontzertu, ikastaro eta emanaldien egutegia bete du. Ikerketa eta sorkuntza urte horien emaitza da Baratzean, kaleidoskopio erritmikoa, plazer erritmikoa.